Gizartea -
Urteurrena
Prestige: marea beltzak 20 urte
Ontziak galdutako petrolioak belztu egin zuen Galiziako kosta, faunan eta landaredian txikizio handia eraginez, baina, era berean, elkartasun oldea jaso zuen. Hondamendiaren zipriztin beltzak euskal kostalderaino iritsi ziren.
Manu Gimenez | eitb media
Gaur, azaroak 13, 20 urte bete dira XXI. mendeko lehenengo tragedia ekologiko handia gertatu zenetik: Prestige petrolio itsasontziaren isuria Galiziako kostan. 77.000 tona petrolio isuri ziren, eta ehunka kilometro koadro itsaso eta kosta kutsatu ziren, ekosistemari ikaragarrizko kaltea eraginez.
Hala eta guztiz ere, marea beltz hark alimaleko elkartasun oldea ekarri zuen, eta milaka pertsona izan ziren, jantzi zuria soinean, Galiziako kosta garbitzera edo animalien bizitzak salbatzera joan zirenak.
Isuriak ekosistemari eta arrantzari egin zion kalteaz jabetuta, azpimarragarria da Nunca Mais mugimenduaren lana. Gertatutakoaren aurrean protesta egiteko eta erakundeak presionatzeko sortu zen plataformak lan handia egin zuen. Bereziki kritikoa izan zen Manuel Fragaren (PP) Galiziako Xuntak eta Jose Maria Aznarren (PP) Espainiako Gobernuak egin zuten kudeaketarekin. Gogoratu behar da Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteorde zela garai hartan.
Denborarekin, mugimenduaren lorpenetako bat legediaren aldaketa izan zen. Inguruko estatuen pareko legedia onartu zuen Espainiako Gobernuak, mota horretako garraioak kostatik urruntze aldera.
Xaquin 'Xocas' Trepado kolektiboaren presidenteak, hala ere, adierazi du ehunka direla kontrolik gabe Galiziako kostatik igarotzen diren zamaontziak, tartean, ondasun arriskutsuak daramatzatenak.
"Arriskua hor dago, eta betebehar morala eta zibikoa da Galiziatik igarotzen diren zamaontzien datuak publiko egitea", aldarrikatu du, itsasontzi horiek "komenientziazko bandera" daramatela eta horrek ikerketa zaildu egiten duela kritikatu aurretik.
Horregatik, itsasoko garraioan "paradisu fiskalak" daudela azaldu du, eta gaineratu du horrek "arauketa eta kontrola zaintzen eta trebatu gabeko eskifaia edukitzea" ahalbidetzen duela.
Boluntarioak
Duela hogei urte, Prestige ontziaren ezbeharrean, milaka euskal boluntario Galiziara joan ziren kostaldean zegoen galipota kentzen laguntzeko asmoz. Roberto Gutierrez eta Nerea Landajo boluntario horietako bi izan ziren, eta eitb.eus-ek elkarrizketa egin die, egun haietako bizipenak gogora ekartzea helburu: "Bihar bertan bueltatuko ginateke", diote, zalantzarik gabe.
EITB Galizian
Laida Basurto EITBko kazetariarekin hitz egin dugu, Prestigeren hondamendiaren egun horiek nola bizi izan zituen gogoratzeko.
Tragedia, datuetan
- 2002ko azaroak 13: Prestige, talde errusiar baten Suitzako filialak uretaratutako itsasontziak matxura bat izan zuen denboralearen ondorioz. Makinak gelditu egin ziren bat-batean. 77.000 tona petrolio zeraman, M-100 motakoa, desagerrarazteko zailena.
- 2002ko azaroak 19: Itsasontzia, 450 kilometro egin ostean, bitan zatitu eta hondoratu egin zen. Kamera motelean izan zen hondoratzea, sei egunez kostatik urruntzen saiatu ostean.
- 3.500 metrora, branka, eta 3.800 metrora, txopa: bitan zatitutako itsasontzia dagoen sakonera.
- 90.566: Lehenengo urtean ateratako petrolio eta hondar tonak. Milaka boluntariok parte hartu zuten lan gogor eta esker txarreko horretan.
- 400 ordu: epaiketak horixe iraun zuen, hamarkada bateko ikerketa judizialaren ondoren. Espainiako Estatuan ingurugiro delituekin lotutako auzi handienak bederatzi hilabeteko kartzela zigorra ezarri zion Apostolos Mangouras kapitainari, agintarien aurkako desobedientzia larriagatik.
- 2.980 kilometro: kaltetutako kostaren neurria. Guztira, 1.137 hondartza.
- 23.000 hegazti: hilda jasotakoak, nahiz eta kaltetuak 200.000 baino gehiago izan, Greenpeaceren arabera.
- 1.923 pertsona: garbiketa lanetan artatutakoak arnasa hartzeko arazoengatik.
- 2.500 milioi euro: Auzitegi Gorenak kaltetuentzat ezarritako kalte-ordaina. Espainiako Estatua, Frantziakoa, eta 265 partikular, kofradia, enpresa eta udal dira kaltetuak.
- 1.000 milioi dolar: Espainiako Estatuak jasotzea espero duena. Erresuma Batuko auzitegi batek ebatzi behar du Prestigeren aseguru etxeak, arduradun zibil izendatuak, eman behar ote duen kalte-ordaina.