Gizartea -
eguraldia
Haizeak hainbat zuhaitz bota ditu Gasteizen eta parkeak itxi behar izan dituzte
Bestalde, tranbia zerbitzurik gabe geratu da bi orduz Lakuabizkarra-Legebiltzarra eta Intermodal-Legebiltzarra artean, zuhaitz bat trenbidera erori dela eta.
agentziak | eitb media
Haize-bolada bortitzek zenbait zuhaitz bota dituzte Gasteizen, eta adarrak ugari ere jausi dira, hainbat edukiontzi mugitzeaz gain. Halaber, Udalak hiriko zenbait parketarako sarbidea itxi ditu.
Gasteiz eta Araba, erkidegoko gainerako puntuak bezala, alerta-egoeran daude; Bizkaian, Gipuzkoan eta Arabako Aiaraldean eragin handiagoa izaten ari den haize gogorragatik.
Arabako suhiltzaileak Balmasedara (Bizkaia) bertaratu dira, eremu horretan piztu diren suteak itzaltzeko lanetan laguntzeko. Bi baserri kiskali ditu suak eta 12 familia etxetik atera behar izan dituzte.
Euskadin indarrean daude sute arriskuagatiko alertak; hego haizea, tenperatura altuak eta landarediaen lehortasun egoera direla eta. Bihar, astelehena, indarrean jarraituko dute.
Bestalde, Arabako hiriburuko tranbia zerbitzurik gabe geratu da 14:00ak aldera Lakuabizkarra-Legebiltzarra eta Intermodal-Legebiltzarra artean, zuhaitz bat trenbidera erori dela eta. Ni ordu igarota, zerbitzua berrezarri dute. Edonola ere, atzerapenak egon daitezke ohiko ordutegia berreskuratu arte.