Gizartea -
Koronabirusa
Covid-19aren kontrako laugarren dosia jasoko dute 167.500 nafarrek
Osasun Departamentuak urriaren 10ean abiatuko du txertaketa kanpaina modu orokorrean; adinekoen egoitzetan, irailaren 26an hasiko da. 60 urtetik gorakoek eta gaixotasun larriren bat dutenek SMS mezua jasoko dute, hitzordua kudea dezaten.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak urriaren 10ean abiatuko du gripearen eta koronabirusaren (laugarren dosia) kontrako txertaketa kanpaina xede populazioaren artean —60 urtetik gorako pertsonak eta arrisku handikotzat jotzen diren gaixotasunak dituztenak—. Aurrez, irailaren 26an, adineko egoitzetako egoiliarrak ziztatzeari ekingo diote.
Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak prentsaurrekoan zehaztu duenez, Nafarroan 160.000 lagunek dute 60 urte baino gehiago, eta 7.500ek arrisku handikotzat jotako eritasunen bat dute. Horiek denek urriaren hasieran jasoko dute SMS mezu bat, eta, hartara, hitzordua eskatu ahalko dute (internet bidez eta telefonoz). Osasun zentroetan eta txertatze gune zehatzetan (Iruñeko Forem eta Tuterako Sofia Erreginaren Ospitalean) jarriko dituzte prestakinak, baina baita Lizarrako musika eskolan eta Lodosako kultur etxean ere.
Adinekoen egoitzetan, lehenago, irailaren 26tik aurrera, hasiko dira txertoak jasotzen.
Osasun Departamentuak azaldu duenez, covid-19aren kontra erabiliko diren txertoek babes zabalagoa eskainiko dute, belaunaldi berrikoak baitira, hots, koronabirusaren jatorrizko aldagaien kontra ez ezik omikron eta horren azpialdaeren aurkako babesa ere eskaintzen baitute.