Gizartea -
BILBO
Open House 60 gune baino gehiagorekin bueltatuko da
Jaialdia urriaren 1ean eta 2an izango da. Bisitak doan izango dira, eta ez da beharrezkoa izango aurretiaz izena ematea.
EITB MEDIA
Open House Bilbao Jaialdia urriaren 1ean eta 2an bueltatuko da "Zentzumenen uria" izenburupean. Seigarren edizio horretan, 60 gune baino gehiago irekiko dira hirian.
Aurten, jaialdiak pertsonengan jarriko du arreta, eta horiek hiria hautematen duten moduan, eta herritarrak gogoetara bultzatu nahi ditu, Bilboren inguruan duten pertzepzio indibidual eta subjektiboen inguruan.
Bisitak 10 eta 25 pertsonen arteko 20 minutu inguruko ibilbide gidatuak izango dira, eta euskaraz zein gaztelaniaz egin ahal izango dira, dohainik.
Open Housek hasierako formatua berreskuratuko du, eta ez da beharrezkoa izango aurretik izena ematea. Boluntario modura parte hartu nahi dutenek izena eman dezakete jaialdiaren webgunearen bidez.
Open House Worldwide sarea 45 hirik osatzen dute, eta horien helburua arkitektura eta hirigintza hedatzea eta defendatzea da.