Gizartea -
Sanferminak
Lau emakumek salatu dute sanferminetan ziztadak jaso ondoren zorabioak izan dituztela
Foruzaingoak ikerketa abiatu du sumisio kimikoko kasu horiek ikertzeko. Nabarmendu duenez, emakumeoi ez diete sexu erasorik egin. Biktimei egindako analisiek negatibo eman dute. Enrique Maya Iruñeko alkateak esan du gertatutakoa "kezkagarria" dela eta azpimarratu du "oso adi" egongo direla.
Agentziak | EITB Media
Lau emakumek salatu dute ziztadak jaso eta, ondoren, zorabioak izan dituztela San Fermin jaietan asteburuan. Emakumeek larrialdi guneetara jo zuten larunbatetik iganderako gauean, eta Foruzaingoa gertatutakoa ikertzen ari da. Lau kasuak ordu eta hiriko leku desberdinetan gertatu ziren, eta, printzipioz, ondoren ez zen sexu erasorik izan.
Albiste agentziek aipatutako polizia iturriek jakinarazi dutenez, sumisio kimikoaren proba egin zieten biktimei, eta negatibo eman dute denek substantzia horietan.
Foruzaingoak ikerketa zabaldu du.
Salaketez galdetuta, Enrique Maya Iruñeko alkateak esan du gertatutakoa "kezkagarria" dela eta azpimarratu du "oso adi" egongo direla.
"Zorionez, jakinarazi didatenez, ziztada baino ez da izan. Neskek zerbait gertatzen zitzaiela sumatu zuten, baina, zorionez, lagunartean zeudenez, kontatu dezakete eta ez zen gehiago gertatu", adierazi du.
Ehunka kasu Frantzian
Frantziako Estatuan 1.000 bat emakumek salatu dute tankerako sumisio kimikoa. Kasu gehienetan, zorabioak eta okadak izan dituzte biktimek, baina, beste kasu batzuetan, ziztadaren marka baino ez dute atzeman. Baionako Ospitalean, Ipar Euskal Herrian, hainbat kasu artatu dituzte, baina denetan negatibo eman dute drogak atzemateko analisiek.