Faktoria -
Kalamu terapeutikoa
Larraitz Egaña, medikua: "Sendagai denek dituzte albo-ondorioak, informazioa edukitzea da garrantzitsua"
Espainiako Kongresuko Osasun Batzordeak kalamu terapeutikoa legean txertatzeko txostena onartu du. Espainiako Medikamentuen Agentziak urte bukaerarako jarri beharko du sendagaia farmazietan. Larraitz Egaña mediku onkologikoaren arabera, gaixoei laguntzeko "beste medikamentu bat" izango da.
E.A. / EITB MEDIA
Espainiako Kongresuko Osasun Batzordeak argi berdea eman dio kalamuaren erabilera terapeutikoa egungo legedian txertatzeko aditu talde batek 5 hilabetez garatu duen txostenari. Alderdi Sozialistaren eta Unidas Podemosen baiezkoaz gainera, EAJren, Ciudadanosen eta PDeCATen babesa izan du, EH Bildu eta ERC alderdiak abstenitu egin dira erregulazioa zorrotzegia dela iritzita. Gauzak horrela 20 aldeko bozka eta 14 kontrako izan ditu talde azpiparlamentarioaren proposamenak.
Larraitz Egaña Donostiako Ospitale Onkologikoko medikuak "Faktoria"n azaldu duenaren arabera, kalamu terapeutikoa legeztatzeko Osasun Batzordearen erabakia "hasiera bat da" sendagaiaren erabilera orokortzeko. Izan ere, onartu den testuaren arabera, gaitz onkologikoak, endometriosia, neuropatia, esklereosi anizkoitza, epilepsia, min kronikoak edo kimioterapiagatiko ondoezak dituzten gaixoek baino ezingo dute sendagaia jaso. Talde azpiparlamentarioak ondorio eraginkorak frogatzeko ikerketak galdegin ditu erabilera eritasun gehiagotara zabaltzeko. Egañaren hitzetan, "zaila da" halako sendagaien ikerketa.
Onartu den legeak mediku espezialistei baino ez die ematen sendagaia agintzeko aukera; Egañaren ustez, ordea, eskumen hori lehen arretako medikuetara ere zabal zitekeen. Izan ere, gaur gaurkoz mediku horiek, "botikaren gaineko informazioa eskura izanda", ondorioak aztertu eta sendagai agintzeko gaitasuna izan dezakete: "Gaur egun, esaterako, morfina agindu dezakete lehen arretako medikuek, sendagaia ezagutuz gero, mediku espezializatuek beste gaitasun izan beharko lukete".
Hain zuzen ere, kalamu terapeutikoak izan dezakeen albo kalteez galdetuta, Egañak adierazi du "sendagaiak denek" dituztela albo ondorioak, morfina jarri du adibidetzat eta esan du garrantzitsua "erabiltzen jakitea" dela. Horri lotuta, sendagaia erregulatzeak dagoeneko minei aurre egiteko kalamua darabilten gaixoen segurtasuna laguntzen duela azaldu du: "garrantzitsua da dosiaren gaineko informazioa profesional batek ematea".