Gizartea -
Sanferminak 2022
Udaltzaingoak iruzur zantzuak antzeman ditu sanferminetako kartela aukeratzeko bozketan
Gauzak horrela, Udalak baliorik gabe utzi ditu boto irregular guztiak. Bozketa ostiralean berrabiaraziko dute eta aurtengo sanferminetako kartela zein izango den astelehenean jakinaraziko da.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
Iruñeko Udaltzaingoak baieztatu du aurtengo sanferminetako kartela aukeratzeko bozketan iruzur zantzuak antzeman dituztela. Hortaz, Udalak boto susmagarri guztiak baliogabetuko ditu eta ostiral honetan berriro jarriko du martxan bozketa.
Udaltzaingoak azaldu duenez, susmagarritzat jotako boto guztien jarraipena egin dute eta egiaztatu dute ustez bozketan parte hartu zuten pertsonak askok ez zutela botorik eman. Antza, boto guztiak lagun bakar batek eman ditu, beste pertsona batzuen nortasun-agiriko datuak erabilita, eta bozka guztiak kartela berari eman dizkio.
Udaltzaingoaren txostena ikusita, Udalak erabaki du boto irregular guztiak baliorik gabe uztea eta bozketa ostiral honetan berrabiaraztea. Bozkatzeko epea 15:30ean irekiko dute eta gauerdian amaituko da. Kartel irabazlea zein izan den astelehenean jakinarazi dute.
Bitartean, Udaltzaingoak ikerketarekin aurrera jarraituko du, iruzurraren xehetasun guztiak argitara ateratzeko, erantzulea harrapatzeko eta epailearen esku uzteko.