Gizartea -
reala-betis partida
Bi pertsona atxilotu dituzte lau zauritu utzi dituen istiluetan, Anoeta inguruan
Realak eta Alavesek, erasotzaileak euren taldeetako bazkide izan daitezkeelakoan, erasoa gaitzetsi dute eta neurriak hartuko dituztela ohartarazi dute.
i.l.k. | eitb media
Ertzaintzak bi pertsona atxilotu ditu Donostian, Anoeta futbol zelaiaren inguruan izandako istiluekin lotuta, Realak eta Betisek ostiral gauean jokatu duten partidaren testuinguruan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, arratsaldeko hirurak aldera jaso duten lehen abisua, Amara auzo inguruan bildutako zenbait pertsona talderen artean liskarrak izaten ari zirelako, Isabel II etorbidean.
Ertzaintza bertaratu da, eta Zorroaga kalean dozenaka pertsona bilduta zeudela ikusi dute. Talde batzuk borrokan ari zirela eta beste batzuek altzarietan eta beste ondasun batzuetan kalteak eragin dituztela esan dute.
Istiluen ondorioz, zenbait pertsona identifikatu dituzte, eta horietako bi atxilotu, ustez gertatutakoan nahasita egoteagatik. Atxilotutakoak, 25 urteko bi gizon, polizia-bulegoetara eraman dituzte, dagozkien izapideak betetzeko.
Gainera, lau pertsona arin zauritu dira, eta ospitalera eraman dituzte. Erasoak taberna bateko aulkien makilekin izan dira.
EFE agentziaren arabera, erasotzaileak Realarekin eta Alavesekin egon litezke lotuta. Erasotu dituzten Betiseko zaleak UF ultren taldeko kide ziren, eitb.eus-ek jakin ahal izan duenez.
Reala eta Alavesen mezuak
Realak istiluak arbuiatu eta gaitzetsi ditu, komunikatu baten bidez. " Realak gogor arbuiatu eta gaitzesten ditu gaur Zorroaga pasealekuan izan diren indarkeriazko ekintzak, Real Betiseko hainbat jarraitzaile zauritu diren ekintzak, alegia", idatzi du klubak.
Gainera, ohartarazi duenez, autoritateek egiten ari diren gertakarien ikerketaren ondorioz inplikatuetako bat klubeko bazkide dela ondorioztatzen bada, Realak diziplina-neurri egokiak hartuko ditu pertsona horiek Realaren barruan ez egoteko".
Klub txuriurdinak zaurituei "berehala senda daitezela" opa die, eta "bere esanetara" jarri da. "Ez dago jarrera bortitzik Realaren izenean", esan du.
Era berean, Alavesek ohar baten bidez adierazi duenez, "dagozkion neurriak hartuko ditu erasotzaileren batek gure klubarekin lotura duela baieztatzen bada".
"Ostiral Santu honetako arratsaldean Reale Arenako inguruetan Real Betiseko zaleek jaso dituzten eraso bortitzen aurrean, Alavesek erabat gaitzesten du zaleen aurkako erasoa. Indarkeriak ez du lekurik gure gizarteko inongo esparrutan, are gutxiago futbolean, talde guztietako zaleen arteko adiskidetasunerako lotura izan beharko bailuke, horien jatorria edo koloreak edozein izanda ere", gaineratu du.