Gizartea -

MIGRAZIOAREN DRAMA

Bidasoa ibaiko ur biziek Irunen desagertutako migratzailearen bilaketa lanak zaildu dituzte

Ibaiaren "indarrak" eta emari handiak asko zaildu dute urpekarien lana, Jose Antonio Fernandez bilaketa dispositiboaren koordinatzailearen arabera. Igandeko saiakeran huts eginda, astelehenean jarraituko dute bilaketa lanek.

Bilaketa-operatiboko hainbat kide, gaur, Irunen. Argazkia: EITB Media
Bilaketa-operatiboko hainbat kide, gaur, Irunen. Argazkia: EITB Media
Bilaketa-operatiboko hainbat kide, gaur, Irunen. Argazkia: EITB Media

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ukrainako gerrak errefuxiatuen drama lehen lerrora ekarri badu ere, tragedia aspaldiko kontua dela ez da zalantzarik. Irun eta Hendaia lotzen dituen bidea da horren lekuko. Larunbatean, beste pertsona migratzaile bat desagertu zen Irunen, Bidasoa ibaia zeharkatzen ahalegindu zenean, Lapurdira iritsi nahian. Harekin batera beste bi ahalegindu ziren bide bera egiten, eta horiek lortu zuten muga zeharkatzea.

Igandean, eguna argitzearekin bat, 08:00etan, berrekin diete bilaketa lanei, aurrez operatiboan parte hartu duten kide guztiek koordinazio bilera bat egin ondoren. Suhiltzaileak, ertzainak, guardia zibilak, Irungo udaltzainak, Gurutze Gorriko kideak eta Iparraldeko hainbat segurtasun-baliabide ari dira bilaketan parte hartzen. Larunbat arratsaldean, Santiago Zubiaren ingurua alderik alde miatu arren, ez zuten desagertutakoaren arrastorik aurkitu.

Azaldu dutenez hiru itsasaldi izan dira dagoeneko desagerpenaren berri izan zenetik eta, beraz, bizirik topatzeko itxaropena gero eta murritzagoa da.

Jose Antonio Fernandez 112ko eta Babes Zibileko teknikariak azaldu duenez, "gaur goizean, lanei berrekin diegunean, itsasbehera zegoen eta Bidasoa ibaia indartsuago zetorren, Nafarroan euria egin duelako, eta karga gehiago zeraman. Horrek zaildu egin du gure urpekarien lana", adierazi du.

Ertzaintzaren helikoptero bat batu zaie goizean desagertutako pertsonaren bilaketara lanei baina arratsaldeko lehen orduan bertan behera utzi dute saiakera.

Euskadi Irratian gaur goizean egindako elkarrizketan, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio zuzendariak esan du "beste behin, bere aurpegiririk gogorrena" erakutsi duela Bidasoak. Horren hitzetan, inoiz baino beharrezkoagoak dira "giza-pasabide seguruak, bai Ukrainatik datozen errefuxiatuentzat, eta bai Afrikatik aspalditik datozenentzat ere". Eusko Jaurlaritza bide horretan lanean ari dela ziurtatu du.

Igande arratsaldeko 19:00etan eten dituzte bilaketa lanak eta astelehenean 08:00etan ekingo diote berriro bilaketari.

Larunbatean desagertutako pertsonaren heriotza baieztatuko balitz, 2022an Gipuzkoatik Lapurdirako bidean zeharkatu nahian zendu den lehendabiziko migratzailea litzateke. Iaz, beste hiru hil ziren Bidasoan itota, antzeko egoeran.

Halaber, iazko urrian hiru migratzaile hil ziren Ziburun, trenak harrapatuta, eta laugarren bat larri zauritu zen. Trenbidean lo zeudela, eguneko aldirietako lehendabiziko trenak harrapatu zituen eta bertan hil ziren.

Eusko Jaurlaritzak korridore humanitarioak eskatu ditu, bai ukrainarrentzat bai Afrikatik datozenentzat
Eusko Jaurlaritzak korridore humanitarioak eskatu ditu, bai ukrainarrentzat bai Afrikatik datozenentzat
Eusko Jaurlaritzak korridore humanitarioak eskatu ditu, bai ukrainarrentzat bai Afrikatik datozenentzat

1:36

Erakundeen "konpromisoa"

Hain zuzen, ostiralean Iñigo Urkullu lehendakariak eta Jean-Rene Etchegaray Euskal Hirigune Elkargoko presidenteak ekitaldi bateratua egin zuten Irunen, gerretatik ihesi dauden migratzaileak omentzeko eta arreta emateko baliabideak bisitatzeko. Iragarri zutenez, errefuxiatuei eman beharreko premiazko arretaren inguruko mahaian Ipar Euskal Herriko ordezkari bat egongo da.

Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Hirigune Elkargoak migrazio-krisiaren aurrean "konpromiso humanitarioa" dutela berretsi zuten, azaroan sinatutako adierazpena gogora ekarrita, are gehiago "ukrainaren inbasiotik ihes egiten duten pertsonen etengabeko fluxua" ikusita.

Urkulluk azpimarratu zuenez, "Euskadi gerratik eta bidegabekerietatik ihesi doazen pertsonen ondoan egongo da''

Iñigo Urkullu: ''Euskadi gerratik eta bidegabekerietatik ihesi doazen pertsonen ondoan egongo da''
Iñigo Urkullu: ''Euskadi gerratik eta bidegabekerietatik ihesi doazen pertsonen ondoan egongo da''
Iñigo Urkullu: ''Euskadi gerratik eta bidegabekerietatik ihesi doazen pertsonen ondoan egongo da''

2:09
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Herriak eta Hiriak Urkullu albisteak Gipuzkoa Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa Hendaia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Desagertutako pertsonak gaur Jean-René Etchegaray Itotzeak itsasoan Migrazioa Euskadi Irratia