Gizartea -
Hezkuntza legea
Legebiltzarreko taldeek martxoaren 18ra arte izango dute hezkuntza legearen nondik norakoak negoziatzeko
Zirriborroari aurkeztutako zuzenketak orduan bozkatuko dituzte taldeek, eta bertatik aterako da irizpena. Behin betiko testua martxoaren 28an da onartzekoa Batzordean, eta apirilaren 7an, osoko bilkuran. Elkarrekin Podemos-IUk "aldez aurretik akordioa lortzeko borondate falta" deitoratu du.
EITB MEDIA
Euskal Autononomia Erkidegoko (EAE) etorkizuneko hezkuntza legea onartzeko prozesuak badu egutegia. Eusko Legebiltzarreko Lantaldeak zehaztutakoaren arabera, taldeek martxoaren 18ra arte izango dute arauaren nondik norakoak negotziatzeko, egun horretan bozkatzekoak baitira zirriborroari aurkeztutako zuzenketak. Bozketa horretatik irizpena aterako da, eta behin betiko testua hilaren 28an bozkatuko dute Batzordean, eta apirilaren 7an, Legebiltzareko osoko bilkuran.
Legearen oinarriak zehazteko Legebiltzarrean osatutako lantaldea goizean bildu da egutegia zehazteko.
Bileraren ondotik, oharra kaleratu du Elkarrekin Podemos-IU taldeak, eta "aldez aurretik akordioa lortzeko borondate falta" deitoratu du. Ezkerreko koalizioak zirriborra "adierazpenetatik harago" joatea nahi zuen, eta horren aldeko proposamena egin du. EAJ, PP+Cs eta Vox taldeak kontra agertu dira, eta beraz, ekimena ez da aurrera atera. PSE-EEk ez du iritzirik eman, eta EH Bilduk alde bozkatu du.
"Hezkuntza publikoaren alde gaudela esan dezakegu, adibidez, baina konpromiso zehatzik gabe, ezerezean geratzen da", adierazi du taldeak oharrean. Hala, proposatutako dokumentuan hainbat konpromiso programatiko sartu dituzte, "neurri zehatz, ebaluagarri eta neurgarriez". Agiri zehatz bat aldez aurretik adostea "keinu positiboa eta borondate onekoa" izan ziteekeen koalizioaren ustez, baina asmo hori bidean geratu dela deitoratu du. "Itunak adostasun zabala izatea nahi badugu, ezin dugu dokumenturik sortu konpromisorik gabe", erantsi du.
Hain justu, ideia hori azpimarratu du goizean, Euskadi Irratian egin dioten elkarrizketa batean, Miren Gorrotxategi koalizioko bozeramaileak.
Bien bitartean, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean, protesta egin dute Euskal Eskola Publikoaz Harro topaguneko ordezkariek.