Gizartea -

ERAIKUNTZA BERRIA

Bilboko Casilla pabiloia eraitsi egingo dute, kiroldegi bat eraiki eta ingurua suspertzeko

Ekimenak, halaber, erabilera anitzeko gune estali handi bat edo oinezkoentzako espazio gehiago eraikitzea aurreikusten du, baita hainbat solairuko lurpeko aparkaleku bat sortzea ere. Udalaren Gobernu Batzordeak baimena eman du gaur lehiazko elkarrizketaren prozedura has dadin.

Casillako pabiloia. Argazkia: bilbao.eus
Casillako pabiloia. Argazkia: bilbao.eus
Casillako pabiloia. Argazkia: bilbao.eus

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hilabete luzez txertaketa gune gisa erabili ondotik, Bilboko Casilla pabiloia eraitsi egingo dute, besteak beste kiroldegi trinko eta moderno bat, erabilera anitzeko espazio handi bat eta lurpeko aparkaleku berri bat barne hartzen dituen eremu berri bat eraikitzeko.

Hala jakinarazi du asteazken honetan Bilboko Udalak; izan ere, Casillaren etorkizunerako estrategia aurkeztu du. Ekimenak, halaber, ingurua suspertzea aurreikusten du, oinezkoentzako espazio gehiago sortuz eta Autonomia kalean (Maria Díaz de Haro eta Gregorio de la Revilla kaleen arteko tartea) ere lanak eginez.

Era berean, Indautxu eta Irala auzoen arteko loturak indartu nahi dira, Ametzola eta Errekaldetik barrena, Maria Diaz de Haroko korridore berdearen eraikuntzari koherentzia eta jarraitutasuna emanez.

Juan Mari Aburto alkateak, Asier Abaunza Obra, Hiri Plangintza eta Proiektu Estrategikoen zinegotziarekin eta Itxaso Erroteta Gazteria eta Kirol zinegotziarekin batera, asmoaren nondik norakoak eman dituzte asteazken honetan.

Bilboko Udalaren Gobernu Batzordeak baimena eman du gaur goizean lehiazko elkarrizketaren prozedura has dadin Casilla berriaren proiektua definitzeko eta haren etorkizuneko ustiapena zehazteko. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala Bilbo Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea EAJ Eguneko albisteak Albisteak Kiroldegiak