Gizartea -

Koronabirusa

Hezkuntza eta Osasun sailak bihar bilduko dira jolastokietan maskararen erabileraz erabakitzeko

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, Espainiako Gobernuaren dekretua aztertuko dute, baita osasun egoeraren "bilakaera ona". "Malgutu dezakegun guztia malgutuko dugu, betiere osasun irizpideei jarraituta", erantsi du.

Bi ume eskolara bidean. Artxiboko argazkia: EFE
Bi ume eskolara bidean.
Bi ume eskolara bidean. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, Hezkuntza eta Osasun sailak bihar, ostegunarekin, bilduko dira eskoletako jolastokietan maskararen erabileraz erabakitzeko. Espainiako Gobernuak araudia aldatu du, eta bihartik aurrera ez da nahitaezkoa izango aire librean zein jolastokietan.

Sailburuak azaldu du dekretua aztertu behar dutela, baita osasun egoera Euskadin izaten ari den "bilakaera ona" ere. "Malgutu dezakegun guztia malgutuko dugu, betiere osasun irizpideei jarraituta", erantsi du.

Koronabirusak ikastetxeetan duen eraginari buruz ere galdetu diote Onda Vasca irrati kateari eskainitako elkarrizketan. Sailburuak esan du 10 ikasgela baino gutxiago daudela itxita, eta etxean isolatuta dauden haurren kopuruak behera egin duela "nabarmen" azken egunetan, gizartean jazotzen ari den legez. Urtarrileko protokolo aldaketa ere defendatu du, aurrez aurreko eskolei eusteko giltzarri izan delako. "Aurrez aurreko hezkuntzak ikasleriaren alderdi emozionala zaintzen du eta familiei eta ekonomiari egonkortasuna ematen die", arrazoitu du.

''Malgutu dezakegun guztia malgutu egingo da, betiere Osasun Sailaren irizpideen arabera''
''Malgutu dezakegun guztia malgutu egingo da, betiere Osasun Sailaren irizpideen arabera''
''Malgutu dezakegun guztia malgutu egingo da, betiere Osasun Sailaren irizpideen arabera''

0:51

Hezkuntza lege berria egiteko atzo Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako dokumentua ahotan, Bildarratzek aitortu du testu "garrantzitsua" dela, baina ez dela esku artean izango duten bakarra. Izan ere, hilabeteak daramatza agente ezberdinekin biltzen eta euren eskakizun eta beharrak entzuten —500 lagun ingururekin batzartu da— eta bildutako ekarpen guztiekin Jaurlaritzak testu artikulatua osatuko duela udazkenerako, Legebiltzarrak berriro azter dezan.

"Atzo sumatu nuen kontu positiboena izan zen Legebiltzarraren gehiengoak, % 80k, ondo ikusi zuela testua, eta horrek batu egiten du, eta hori oso garrantzitsua da Hezkuntza bezalako gai garrantzitsu bati buruz ari garenean", azpimarratu du.

Bildarratzen hitzetan, "bikaintasuna eta ekitatea" izango dira lege berriaren ardatzetako bi, eta ohartarazi duenez, azkenenegoaren inguruan, "hori onartzeko prest ez dagoena argazkitik kanpo geratuko da". Nolanahi ere, ez du argitu "argazkian ez ateratze horrek" laguntzarik gabe geratzea ekarriko duen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osasuna plantilla EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Eskola Publikoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza Umeak Covid birusaren olatu berria Maskarak