Gizartea -
Koronabirusa
Bruselak 2023ko ekainera arte luzatu nahi du covid ziurtagiria
Horrez gain, zenbait aldaketa proposatu ditu, hala nola kalitate handiko laborategiko antigenoen probak ziurtagiria eman daitekeen test moten artean sartzea.
I. G. | EITB MEDIA
Europako Batzordeak covid ziurtagiri digitala urtebetez luzatzea proposatu du, 2023ko ekainaren 30era arte, bidaiariek dokumentu hori erabiltzen jarrai dezaten Europar Batasuneko (EB) herrialdeen artean bidaiatzean.
Christian Wigand Justizia bozeramaileak ez dela sistema "iraunkorra" zehaztu du, "salbuespenezko neurria" baizik.
Ziurtagiriaren luzapenaz gain, Batzordeak zenbait aldaketa proposatu ditu, hala nola kalitate handiko laborategiko antigenoen probak ziurtagiria eman daitekeen test moten artean sartzea.
Proposatutako beste aldaketa bat da txertaketa-ziurtagiriek edozein estatu kidetan emandako dosien guztizko kopuru zuzena dutela bermatzea, eta ez soilik ziurtagiria ematen duen herrialdean.
Helburua "txertoak hainbat estatu kidetan jasotzen dituztenean dosi kopuru desegokia adierazten duten dokumentuei buruz herritarrek planteatutako kezkei heltzea" da, zehaztu du Europako Batzordeak komunikatu batean.
Azkenik, Bruselak covid-19aren aurkako txertoen saiakuntza klinikoetan parte hartzen duten pertsonei ziurtagiriak eman ahal izatea proposatu du, beste estatu kide batzuek onar ditzaketenak.
Halaber, Europako Batzordeak jakinarazi du bigarren txosten bat argitaratuko duela Covid Ziurtagiri Digitalaren Erregelamenduari buruz.