Gizartea -
Sexu-abusuak
EAEko Fiskaltzak Estatuko Fiskaltzari igorriko dizkio Euskadiko Elizako sexu-abusuen kasuak
Ministerio publikoak Euskadin duen ordezkari nagusiak, Carmen Adanek, ez du zehaztu nahi izan zenbat salaketa edo kereila egon daitezkeen ezta gai irekiak edo itxiak diren.
Agentziak | EITB MEDIA
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Fiskaltzak Estatuko Fiskaltza Nagusiari igorriko dizkio Euskadin Elizako kideen esku adingabeei egindako sexu-abusuen kasuak, Carmen Adan ministerio publikoaren Euskadiko ordezkari nagusiak asteazken honetan adierazi duenez. Izan ere, ez du zehaztu zenbat salaketa edo kereila egon daitezkeen edo gai irekiak edo itxiak diren. "Printzipioz, badago", adierazi du, eta zehaztu du ez duela esango kasu horiek "irekita edo itxita" dauden, "beti baitago jarduera jakin batzuekin errekurtsoa jartzeko aukera".
Adanek, Beatriz Artolazabal Justizia sailburuarekin eta Iñaki Subijana Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiko presidentearekin batera, Mapfre eraikinean egokituko den Bilboko Justizia Jauregi berriaren proiektuaren aurkezpenean parte hartu du asteazken honetan.
Kazetarien galderei erantzunez, Euskadiko Fiskal Nagusiak hizpide hartu du Estatuko Fiskaltza Nagusiak egindako eskaera, erlijiosoek adingabeei egindako eraso eta abusu sexualei buruzko salaketak eta kereilak autonomia erkidego guztietatik bidal diezazkioten.
Carmen Adanek adierazi duenez, Justiziara eraman diren kasuen mapa bat izateko egin da eskaera. Ildo horretan, gogorarazi du ministerio publikoak berak salaketa batzuk artxibatu dituela "datu nahikorik eman ez denean".