Gizartea -
Osakidetza
Arabako larrialdiak Gasteizko Txagorritxu Ospitalean zentralizatuko dira
Santiagoko larrialdien itxiera gogor kritikatu dute arloko profesionalek eta herritarrek, baita oposizioko hainbat alderdik ere.
I. G. | EITB MEDIA
Arabako larrialdietako ospitale-zerbitzua Gasteizko Txagorritxu Ospitalean zentralizatuko da asteazken honetatik aurrera, Santiago Ospitalean aurrez aurreko arreta itxi ondoren. Osakidetzaren arabera, aldaketa horrek "hobekuntza nabarmena" ekarriko du asistentziaren kalitatean eta pazienteen "erosotasunean".
Asteazken honetatik aurrera, Santiagoko espazioa ez da herritarren eskura egongo, baina medikuek desbideratu ahalko dute, anbulantziaz, 112 telefonora deitu ondoren.
Txagorritxuko Zerbitzu Orokorren eraikin berriko (E area) -1 solairuan dagoen espazio berri hori "zabala, modernoa eta balioaniztuna" da, eta horrek hobekuntza dakar gaixo, senide eta profesionalentzat, Osasun Sailaren arabera.
Aldaketa horrek Arabako biztanleen premiazko arreta berrantolatzea dakar. Izan ere, box eta kontsulta gehiago daude, azken belaunaldiko hornidura teknologikoarekin eta monitorizazio-sistema aurreratuekin.
Gainera, Osakidetzak adierazi du instalazio berrietarako sarbidea "erosoa eta irisgarria" dela, bai autoz joateko, bai garraio publikoan (autobusa eta tranbia) joateko.
Bestalde, orain arte Txagorritxuko ate nagusian zegoen Pediatriako Larrialdietarako sarrera Zerbitzu Orokorren eraikin berriko larrialdietako atetik egingo da gaurtik aurrera.
Santiagoko larrialdien itxiera gogor kritikatu dute profesionalek eta herritarrek, baita oposizioko hainbat alderdik ere.