Gizartea -
sos arrazakeria nafarroa
Iruñean elkarretaratzea egin dute Maya alkatearen "gorroto diskurtsoa" salatzeko
Dozenaka pertsona bildu dira ostegun honetan Enrique Maya Iruñeko alkatearen adierazpen "xenofoboak" gaitzetsi eta Nafarroako beste alkate eta goi-kargudun batzuen jokabideak kritikatzeko.
agentziak | EITB Media
Ehundik gora lagun bildu dira ostegun honetan Iruñeko udaletxe aurrean, "gorroto diskurtsoak" ugaritu izana gaitzesteko eta Enrique Maya alkatearen azken adierazpenak salatzeko, herritarren segurtasun falta areagotu izana bakarrik iritsi diren adin txikiko migratzaileekin lotu baitzuen.
SOS Arrazakeria Nafarroa elkarteak "Arrazakeria da" lelopean deitutako elkarretaratzeak dozenaka pertsona bildu ditu, alkatearen argazkia zuten kartel eta guzti, hark botatako esaldi bat ere idatziz jasota: "Delituak egiten dituzten pertsona gehienak ez dira bertakoak".
Taldeko ordezkariek "gorroto hitz orori aurre egiteko asmoa" iragarri dute, "kendu nahi diguzuen duintasunarekin sareak sortuz, ertzetan bizitza eraikiz, goitik eraikitzen diren bereizkeria eta zapalkuntza forma desberdinak ezagutaraziz".
Hala, Mayaren adierazpenak salatu dituzte, baita Nafarroako beste alkate eta goi-kargudun batzuen jokabideak ere, jarrera hori "urrunetik dator eta". Azaldu dutenez, "urteak daramatzagu gizarte gisa gerra hizkera erabiltzen migrazioei buruz aritzean, delituak eta gertakari onartezinak pertsonen jatorriarekin eta arrazializazioarekin lotzen, aniztasuna etiketatzen eta arazo bihurtzen".
Bestalde, Iruñeko Udaleko oposizioko alderdiek Enrique Maya alkatea publikoki gaitzetsiko dute, bakarrik dauden adin txikikoak azken asteotan hirian gertatutako delituekin lotzen dituzten adierazpen "xenofoboak" direla eta.
Otsailaren 3an egingo duten udalbatzan aurkeztuko dituzte hiru taldeek euren gaitzespenak.
Talde abertzaleak gaitzespena proposatuko du "gorrotoa justifikaziorik gabe elikatzeagatik eta diskurtso xenofobo onartezinarekin gizatalde oso zaurgarriak seinalatzeagatik, daturik eskaini gabe diana erdian ipinita".
PSNk "edozein eraso zein kaleko indarkeria zigortzeko" eskatuko du, eta Maya alkateari, "azken egunotakoen gisako diskurtso xenofobo eta estigmatizatzaileak saihes ditzan eta beharrezko segurtasun neurriak har ditzan, era integralean eta inplikatutako gainerako administrazioekin era bateratuan".
Gainera, Geroa Baik azpimarratu duenez, "Mayaren hitzak elkarbizitzaren aurkako erasoa dira, eta Iruñeko Udalaren betebeharra da gizarte kohesioa babesteko politikak proposatzea".
Nafarroako koalizioaren arabera, "egunotan entzun ditugun adierazpenek adin txikiko pertsonak kriminalizatzea dakar, euren jatorri hutsagatik, eta epaiketa erabat onartezinak dira haurtzaroaren eskubideen defentsaren ikuspuntutik".