Gizartea -
koronabirusa
Basurtuko ZIUan ospitaleratutako 16 pazienteetatik 13 ez daude txertatuta
Immunizatu gabeko gaixo larrien % 81az gain, gela arruntetan ospitaleratutako pertsonen % 68ak ere ez du txertoa hartuta.
i.l.k. | eitb media
Osakidetzak barne ohar baten bitartez igorritako datuen arabera, unean koronabirusagatik Basurtuko Ospitaleko ZIUan dauden 16 pazienteen artean 13 dira txertatuta ez daudenak. Zifra horrek txertatu gabekoen % 81 suposatzen du, ospitaleratutako kasu larrien artean.
Era berean, ospitaleratzeak hazi egin dira gela arruntetan aurreko asteari dagokionez baina, kasu honetan ere, txertatu gabeko pertsonen ehuneko handiarekin, % 68. Hala, unean, 101 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietako 69 ez daude covid-19aren aurka immunizatuta.
Ostegunean 1en azpitik jaitsi zen oinarrizko birsorkuntza-tasa, covid-19a duen gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena. Urriaren 11tik ez zen jaisten, eta 1,63ra iritsi zen abenduaren 30ean.
14 eguneko intzidentzia-tasa metatuak ere behera egin du, urriaren erdialdetik lehen aldiz; hala ere, altua da oraindik, 100.000 biztanleko 6.936,7 kasukoa baita.