Gizartea -
larrialdi klimatikoa
Berotze globalaren muga gaindituko da 10 urtean, NASAk ohartarazi duenez
Lurrazalaren bataz besteko tenperatura globalak 2018koa berdindu zuen 2021ean, 1880an datuak jasotzen hasi zirenetik seigarren urterik beroena bilakatuta.
agentziak | eitb media
Azken zazpi urteak inoizko beroenak izan dira datuak ezagutzen direnetik, eta lurrazalaren bataz besteko tenperatura globalak 2018koa berdindu zuen 2021ean; 1880an datuak jasotzen hasi zirenetik seigarren urterik beroena bilakatuta. Hala adierazi du NASAk eta Administrazio Ozeaniko eta Atmosferiko Nazionalak (NOAA) ostegun honetan igorritako txosten batek.
NASAk ohartarazi duenez, joera hori mantenduz gero, hamar urtean beroketa globalaren muga gaindituko litzateke. Parisko Itunean adostu zutenez, 1,5 ºCan egon behar luke muga horrek, eta nazioarteko komunitateak gelditzeko konpromisoa hartu zuen.
Gavin Schmidt NASAren Ikasketa Espazialetarako Goddard Institutuko zuzendaria da, eta txostenaren aurkezpenean azaldu du azken zazpi urteak direla "mapan adierazgarriena, erregistroaren gainetik nabarmentzen baitira".
Txostenaren arabera, 2021 seigarren urterik beroena izan da 1880an datuak jasotzen hasi zirenetik. Gainetik ditu 2015, 2016, 2017, 2019 eta 2020.
Joan den urtean zehar, lurrazalaren eta ozeano-gainazalaren tenperaturak 0,84 ºCan gainditu zuen XX. mendeko batezbestekoa. Hala, elkarren segidako 45. urtea izan zen, joan den mendeko batezbestekoaren gaineko tenperaturekin.
Ipar hemisferioan ere seigarren tenperaturarik handiena jaso zuten, batezbestekoa 1,09 ºCan gaindituz.
Gainera, ipar hemisferioko lur-eremuak soilik kontuan hartuz gero, 2021eko tenperatura hirugarren altuena izan zen, 2020 eta 2016 urteek gaindituta.
NASAk ohartarazi duenez, ozeanoko goi-mailetan gordetako beroak ere marka hautsi zuen 2021ean, eta bero horrek itsas-mailaren igoerari eragin diezaioke.
Era berean, agentziak nabarmendu du abenduko tenperaturak 0,83 ºCan gainditu zuela batezbestekoa; ezagutu den abendurik beroena, alegia.