Gizartea -

Koronabirusa

40 urtez azpikoei txertoaren hirugarren dosia jartzea aztertuko du gaur Osasun Publikoaren Batzordeak

Halaber, bigarren eta hirugarren dosiaren arteko tartea sei hilabetetik hirura laburtzea aztertuko dute, Europako beste herrialde batzuetan hartutako bidea eredu.

Erizain bat paziente bati txertoa jartzen. ETBren bideo batetik hartutako irudia
Erizain bat paziente bati txertoa jartzen
Erizain bat paziente bati txertoa jartzen. ETBren bideo batetik hartutako irudia

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Publikoaren Batzordeak covid-19aren aurkako txertoaren hirugarren dosia talde berrietara zabaltzea aztertuko du gaur. Era berean, bigarren dosiaren eta errefortzu dosiaren arteko tartea sei hilabetetik hirura laburtuko duten ala ez argituko dute.

Osasun Ministerioko eta erkidegoetako ordezkariek egunak daramatzate omikronek eragindako kutsatze tsunamia baretzeko bideak bilatzen.

Ildo horretan, Carolina Dariasek zuzentzen duen ministerioak erkidegoei jakinarazi die txertoaren hirugarren dosia 40 urtez azpikoei ematen hasteko asmoa dutela. Horretarako, txertaketa kanpainaren lehenengo fasean egin zuten bezala, adin-tarteka txertatzea dute asmo. 

Horixe bera egin zuten abenduaren 16an, adibidez. Orduan, Osasun Publikoaren Batzordeak erabaki zuen 40 urtetik gorakoei ere hirugarren dosia jartzea. Ordura arte, 60 urtetik gorakoak, osasun langileak eta AstraZenecarekin eta Janssenekin txertatutako pertsonak soilik ari ziren txertoaren hirugarren dosia jasotzen, adina gorabehera.

Bestalde, dosien arteko tartea txikitzea ere badute jomugan, Europako beste herrialde batzuetan hartutako bidea eredu. Galizia eta Andaluzia, esaterako, aspaldi eskatu zioten Espainiako Gobernuari tartea laburtzeko.

Covid-19arekin kutsatu diren 65 urtez azpikoei ere aplikatzen zaie gaur egun sei hilabeteko tarte hori, nahiz eta horien kasuan lau aste itxaron behar duten diagnostikoa jasotzen dutenetik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Txertoak Koronabirusa Gazteak