Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroan covid ziurtagiria egoera eta toki gehiagotara zabalduko dutela esan du Chivitek
Hala ere, egoera epidemiologikoak okerrera egiten baldin badu ordutegiak eta aforoak moldatzea ez du baztertu Foru Erkidegoko presidenteak.
Agentziak | EiTB Media
Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak iragarri duenez, Foru Erkidegoak covid ziurtagiria egoera eta toki gehiagotara zabalduko du, baina mugikortasuna murriztea baztertu du buruzagiak.
Egunez egun pandemiaren bilakaera aztertzen jarraitzea eskatu du Nafarroako agintariak presidenteen biltzarrean. Gainera, egoera epidemiologikoak okerrera egiten baldin badu ordutegiak eta aforoak moldatzea ez du baztertu Foru Erkidegoko presidenteak.
Nafarroako Gobernuak agiri batean txertaketa azkartzeko beharra azpimarratu du, hirugarren dosia emateko zein 5-11 adin tartea txertatzeko. Haurren % 15ek lehen dosia jaso dute dagoeneko.
Zentzu horretan, 60 urtez gorakoen % 80ri hirugarren dosia emateko helburua beteko du Nafarroak, eta 50-59 adin tarterako hitzorduak banatzeari ekin diote dagoeneko, Foru Gobernuak azpimarratu duenez.
Adostasuna balio garrantzitsu bat dela adierazi du Chivitek. Herritarrek mezu argiak eta akordioak behar dituztela erantsi du. Horregatik, pandemia eztabaida politikotik ateratzea eskatu du.
Pedro Sanchez presidenteak iragarritako neurriei dagokionez, kanpoaldean musukoa erabiltzeko derrigortasuna bereziki, neurria zehazteko eskatu du Chivitek; izan ere, "landa eremu, jende pilaketarik gabeko toki, mendi-ibiliak eta aire zabaleko kirol jardueratan, besteak beste, ez litzateke beharrezkoa izango".
Azkenik, giza baliabideak indartzeko neurriei dagokionez, erretiroa hartu duten osasun langileen eta Europar Batasunetik kanpo titulua lortu duten espezialisten kontratazioa txalotu du Nafarroako presidenteak, baita Armadak txertaketan laguntzea ere.