Gizartea -
KORONABIRUSA
Sanchezek datorren astera aurreratu du Presidenteen Batzarra, koronabirusaren egoera dela eta
Lehendakariak eskutitzez eskatu zion bilera hori deitzea pandemiari aurre egiteko tresna gehiago edukitze aldera. Sanchezek, bestalde, adierazpena egingo du igande honetan, hitzorduari buruzko nondik norakoak azaltzeko.
agenTZIAK | erredakzioa
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuaren presidenteak datorren astera aurreratu du Presidenteen Batzarra covid-19aren egoera dela eta, kogobernantza eta erakundeen arteko elkarlana indartzeko, Komunikazio Estatu Idazkaritzak jakinarazi duenez.
Gainera, Sanchezek adierazpen instituzionala eskainiko du igande honetan Kataluniako Gobernuaren Ordezkaritzan, bertan izango baita PSCren biltzarrari amaiera emateko. Goizeko 11:00etatik aurrera hitz egingo du koronabirusaren seigarren olatuaren gorakadaren inguruan.
Gobernuko iturriek adierazi dutenez, Sanchezek ez du murrizketa berririk iragarriko. Aurreikuspenen arabera, erkidegoetako presidenteekin izango duen hitzorduari buruzko xehetasunak emango ditu.
Iñigo Urkullu lehendakariak, beste erkidego batzuek egin duten moduan, bilera egiteko eskaera egin zion, eskutitzez, pandemiari aurre egiteko tresna gehiago edukitze aldera.
Sanchezek aurreko azaroan jakinarazi zuen La Palman izango zela hurrengo batzarra, baina 2022ko hasieran izango zela.
Moncloatik azaldu dutenez, azkenean premiaz deitu behar izan du bilera hori koronabirusaren egoera okertzen ari delako, eta berdin-berdin eusten dio Palmako deialdiari, 2022ko urtarrilaren erdialderako.