Gizartea -
Koronabirusa
San Tomas azokak egin ala ez erabakitzeko bilera egingo dute gaur erakundeek
Osasun Saila Donostiako eta Bilboko alkateekin bilduko da gaur, baita Eudeleko ordezkariekin ere, azoka egingo den ala ez erabakitzeko.
O. P. | Eitb Media
Osasun Sailak bilera egingo du ostegun honetan Eneko Goia Donostiako alkatearekin eta Juan Mari Aburto Bilboko alkatearekin, baita Eudeleko ordezkariekin ere, osasun egoeraren ondorioz San Tomas azokak bertan behera uzteko aukeraren inguruan "erantzun bateratua" emateko.
"Guk argi daukagu zein den egoera", esan du Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Euskadi Irratian egindako elkarrizketa batean.
Donostiako Udalak iragarri zuen aurten berreskuratu egingo zuela azoka, Gipuzkoako hiriburuko jaiegun jendetsuenetako bat, baina ohartarazi zuen azken asteetan erabakiko zuela zer egin, pandemiaren egoerara egokituta.
Bilboko Udalak ere azoka egiteko asmoa agertu zuen, baina nola egin azken unean erabakitzeko utzi zuen.
Azpeitian, Udala San Tomas azokako ohiko ekoizle eta parte-hartzaileekin bilduko da gaur arratsaldean, abenduaren 21ean azoka egingo den ala ez erabakitzeko. Oraindik ikusteko dago Durango eta Irun udalerrietan, besteak beste, San Tomas azokari buruz zein erabaki hartzen duten.
Eusko Jaurlaritzak udalei jende-pilaketak gerta daitezkeen ekitaldiak bertan behera uzteko agindu izanak airean utzi zuen azoka horien ospakizuna, eta gaur Osasun Sailarekin aztertuko dute azoka horiek egin ala ez.