Gizartea -

Koronabirusa

Covid-19a zuten hiru adineko zendu dira EAEko egoitzetan azken egunetan

Araban adineko bi pertsona hil dira azken astean; Gipuzkoan, aldiz, adinekoen egoitzetako erabiltzaile bat zendu da azken orduetan.

Artxiboko irudian, egoitza bateko erabiltzaile bat. Argazkia: EFE.
Artxiboko irudian, egoitza bateko erabiltzaile bat
Artxiboko irudian, egoitza bateko erabiltzaile bat. Argazkia: EFE.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Covid-19a zuten hiru adineko pertsona zendu dira Euskal Autonomia Erkidegoko egoitzetan azken egunetan, Arabako eta Gipuzkoako Aldundiek jakitera eman dutenez. Hain zuzen, Araban bi heriotza izan dira, azken astean, eta Gipuzkoan, azken orduetan, adinekoen egoitzetako erabiltzaile bat hil da.

Testuinguru horretan, arabar egoitzetan zerbitzu horietako erabiltzaileak ziren eta covid-19a zuten bi adineko hil dira azken astean. Gainera, beste erabiltzaile bat kutsatu da, Zadorra foru-egoitzan; azken hori txertatuta dago, eta ez du sintomarik.

Ohar bidez, Arabako Foru Aldundiak jakitera eman du Barrundian hil dela pertsona bat, Etxabarri Urtupiñan, gaztelu egoitzan. Egoitza hori pribatua da; aurreko astean, zentro pribatuetan, bost kasu aktibo zeuden, eta Barrundiako hori kasu horietakoa zen.

Aldundiak zehaztu duenez, adinekoa txertatuta zegoen, eta ospitalean hil da, "hainbat patologia" zituela eta covid-19ak kutsatuta.

Kutsatuta zeuden gainerako lau lagunek gaixotasuna gainditu dute.

Horrez gain, Gasteizen, Alto del Prado-Caser Residencial egoitzan, covid-19a zuen beste adineko bat zendu da. Egoitzan sartu zen bizitzaren amaieran zaintzak jasotzeko, ospitalean alta eskuratuta, eta txertaketa-pauta osorik zuen.

Bestalde, Arabako egoitzetako 20 langile bajan daude positibo eman ondoren edo kutsatutako pertsona baten kontaktu estua izateagatik.

Gipuzkoako egoitzetan, hildako bat

Gipuzkoan, adinekoen egoitzetako erabiltzaile bat hil da azken orduetan, covid-19a zuela. Azaroaren 29tik ez zen inor hiltzen koronabirusa zuela, Aldundiak adierazi duenez.

Guztira, 30 positibo aktibo daude zentro horietan; horietako 23 azken orduetan atzeman dituzte. Erabiltzaile batek gainditu du gaixotasuna, eta Eibarko eta Ordiziako erreferentzia-zentroetan zazpi lagun daude.

Hildakoa La Paz egoitzan zegoen, Donostian.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Gipuzkoa Araba Gaixotasunak albisteak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea Osasunari buruzko albisteak Egoitza geriatrikoak COVID fokuak Gipuzkoako Foru Aldundia azken orduko albisteak Arabako Foru Aldundia albisteak Pertsona edadetuak