Gizartea -
gertakaria
Bi gizon atxilotu dituzte Bilbon, jabea ospitalean zegoen bitartean haren etxebizitza okupatzeagatik
Atxilotuak 35 eta 40 urteko bi gizon dira. Egoitzaren bortxatzea egotzi diete, Santutxuko bizilagun baten etxebizitza okupatzeagatik eta sarraila aldatzeagatik.
agentziak | eitb media
Ertzaintzak 35 eta 40 urteko bi gizon atxilotu ditu Bilbon etxebizitza bat okupatu eta sarraila aldatu ostean, egoitzaren bortxatzea egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez.
Ostegun arratsaldean gertatu zen, Santutxu auzoko bizilagun bat ospitaleratuta egon eta gero etxera itzultzean. Etxebizitzara sartzeko unean, sarraila aldatuta zuela jabetu zen.
Polizia eta sarrailgile bat bertaratuta, atea irekitzeari ekin zioten, eta Ertzaintzako agenteek bi gizon aurkitu zituzten barruan.
Etxean indarrean sartzea leporatuta atxilotu zituzten bi gizabanakoak, eta polizia-etxera eraman. Eginbideak bukatuta, epailearen esku utzi zituzten.