Gizartea -

Migrazioa

Irun, Hendaia eta Hondarribiak migratzaileentzako soluzioa eskatu eta mugarik gabeko Europa aldarrikatu dute

Agiri bateratu batean, Irun, Hendaia eta Hondarribiko alkateek poliziaren kontrolak salatu dituzte eta migratzaileen egoerari "konponbide globala" emateko eskatu diete Europako agintariei.

Irungo Santiago zubian egindako manifestazioa, migratzaile baten heriotza salatzeko. Argazkia: EFE
Irungo Santiago zubian egindako manifestazioa, migratzaile baten heriotza salatzeko. Argazkia: EFE
Irungo Santiago zubian egindako manifestazioa, migratzaile baten heriotza salatzeko. Argazkia: EFE

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Mugarik gabeko Europa aldarrikatuta, migratzaileek bizi duten egoera larriari irtenbide humanitario orokorra emateko eskatu dute Jose Antonio Santano, Txomin Sagarzazu eta Kotte Ezenarro Irun, Hondarribia eta Hendaiako alkateek, hurrenez hurren.

Euskal Herritik igarota, Afrikatik Europa iparraldera joan nahi duten migratzaileen egoeraren harira, hiru alkateek agiri bateratua kaleratu dute.

Inguru horretan Espainiako eta Frantziako poliziek ezarritako kontrolguneak direla eta, kezkatuta agertu dira eta gogoratu dute egunero ia 100.000 pertsonak zeharkatzen dutela muga lanagatik edo familia kontuengatik.

"Kontrolak berriro jarri izana anakronikoa, harrigarria eta deserosoa da gure udalerrietako bizilagunentzat", adierazi dute.

Halaber, kontrol horien helburua pertsona migratzaileen igarobidea oztopatzea dela eta horrek "drama humanoa" eragin duela kritikatu dute.

"Azken hilabeteetan etengabe iristen dira gure lurraldera Saharaz hegoaldeko herritarrak, eta kontrolak zorroztu dituztenez, Europatik bere ibilbidea jarraitzeko modurik ez dute eta Irunen eta Hondarribian ezarritako aterpetxeetan geratu behar izaten dira", azaldu dute.

Hala ere, amore ematen ez dutela eta beren helmugara heltzeko beste bide alternatibo batzuk bilatzen dituztela gaineratu dute, "beren bizitza arriskuan jarriz eta askotan bizitza galduz".

Gauzak horrela, azken hilabeteetan egoerak okerrera egin duela deitoratu dute: Bidasoa ibaian zenbait gazte itota hil dira, muga igerian pasatzen saiatu direnean kontrolak saihesteko.

Testuinguru honetan, Santanok, Sagarzazuk eta Ezenarrok ezinbestekotzat jo dute migrazioaren arazoari "irtenbide globala" ematea eta "mugarik gabeko Europa" bermatzea. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Migrazioa Nafarroa Euskal Autonomia Erkidegoa Europa Espainia Frantzia Hendaia Hondarribia Gizartea Eguneko albisteak Irun Albisteak Siriar errefuxiatuak Europan Errefuxiatuak