Gizartea -
Etxegabetzea
Arrigorriagako emakumeak amore eman eta etxeko giltzak entregatu ditu, kalean gelditzeko arriskuan zegoelako
Gizarte Zerbitzuek esan diote, etxegabetzea atzeratzen bazen, Udalak eskaintzen zion gela erabiltzeko eskubidea galduko zuela. Dozenaka lagun saiatu dira goizean goizetik indarkeria matxistaren biktima den Joaquiren kaleratzea geldiarazten.
O.P. | Eitb Media
Gaur, azaroak 25, Emakumeen kontrako Indarkeria Desagerrarazteko nazioarteko Egunean, indarkeria matxistaren biktima den Joaquina bere etxetik kanporatu dute, Arrigorriagan. Joaqui, alabarekin eta bi biloba adingaberekin bizi zen han. Etxetik bota dute, hura erasotzaileari emateko, senar ohiari.
Goizetik dozenaka lagun bildu dira Abusu auzoan, familiari babesa adierazteko. Joaqui, bere alaba eta haurrak ez zeuden etxebizitzan, bai hala, Batu Elkarlaguntza Sareko hainbat kide, azken unera arte egon dira bertan.
Ertzaintzak etxe-atari ingurua sokaz itxi du eta, elkartetik salatu dutenez, Ertzaintza bertaratutako jendeari oldartu zaio.
11:30ak inguruan iritsi da batzorde judiziala etxegabetzea gauzatzeko, bai eta Udaleko Gizarte Zerbitzuetako langileak ere. Hain zuzen ere, haiek esan diote, etxegabetzea atzeratuz gero, galdu egingo zuela, Udalak indarkeria matxistako biktima gisa utzia zion gela erabiltzeko eskubidea.
Ultimatum horren aurrean, eta kale gorrian gelditzeko arriskuan zela ikusirik, bere etxeko giltzak entregatu ditu, eta berez, etxerik gabe geratu da.
Batu Elkarlaguntza Sareak azaldu duenez, Joaqui, bere aurka indarkeria matxista erabiltzen zuen gizon batekin ezkonduta egon zen, eta gizon hori zigortu ere egin zuten horregatik. Halere, ez zen espetxean inoiz sartu, ezta urruntze agindua urratu ondoren ere.
"Gure bizilaguna bi urtez egon zen bizkartzainarekin, bere segurtasuna arrisku larrian baitzegoen. Ezin zen auzoan lasaitasunez eta normaltasunez bizi", adierazi dute.
Harremanaren urteetan, biek notario-agiri bat sinatu zuten, agiri horrek ezartzen zuen senarrari 625.000 pezeta ordaindu behar zizkiola etxebizitzaren jabetza lortzeko, gizonak izango zuen, ordea, hura erabiltzeko eskubidea. Horrek esan nahi du Joaquik, han bizi ez arren, komunitatearen kostu guztiei aurre egin beharko ziela. "Jakina, akordio bidegabea da, eta manipulazio eta ezjakintasun baldintzetan sinatu zen, botere desberdintasun testuinguru batean", ohartarazi dute.
Akordio horretan oinarrituta, bikotekide ohiak Joaqui salatu zuen 2019an, bera, alaba eta bilobak etxetik botatzeko asmoz, eta, horrela, etxebizitza horretan bizi ahal izateko. "Joaquik, hau guztia bakardadean bizitzen ohitua, ez zuen bere egoera inorekin konpartitu, bere abokatua eta oinarrizko gizarte zerbitzuekin baino ez. 2021ean, ordea, erasotzaileak berriro salatu zuen Joaqui, eta orduan auzoko emakume bati kontatu zion gertatzen ari zitzaiona", azaltzen dute.
Duela astebete ingurutik Arrigorriako Udalak utzitako logela batean bizi dira eta Gizarte Zerbitzuekin batera, beraientzat egokia izan daiteken alokairu sozialeko etxebizitza baten bila ari dira.
Hurrengo bideoan Joaquik berak bere testigantza ematen du: