Gizartea -
OTXARKOAGAKO KRIMENA
Otxarkoagako krimenagatik zigortutako bi adin txikikoetatik baten bila ari dira
Epaileak bere garaian ezarri zion internamendu epearen erdia baino gehiago betea zuen gaztea, eta hainbat irteera baimen izan ditu azken hilabeteotan. Orain arte ez da "inolako arazorik izan" baina azkenekoan ez da itzuli.
EITB MEDIA
Zumarragako Ibaiondo adin txikikoentzako itxialdi zentroko gazte bat baimen bati esker irten eta ez da itzuli. Hain zuzen ere, duela ia lau urte, 14 urte zituela, Bilbon, Otxarkoagako etxebizitza batean, Rafael eta Luzia, 80 urtetik gorako bikote baten hilketan inplikatuta egon zen gazteetako bat da falta dena, Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailetik EITB Mediari baieztatu diotenez.
2018ko urtarrilean gertatu zen hilketa, eta hilabete batzuk beranduago, urrian, 6 urteko itxialdira kondenatu zituzten hilketagatik atxilotutako hiru adin txikikoetatik bi.
Dagoeneko bete beharreko denboraren erdia betea du Ibaiondo zentrotik falta den gazteak. Urtarrilean lau urte beteko zituen internamendu egoeran eta duela hilabete batzuetatik kanpora irteteko baimenak zituen. Justizia iturriek jakitera eman dutenez, irteera horietan ez da orain arte "arazorik egon", baina azken baimenetik ez zen itzuli.
Ibaiondo zentrotik gertaera jakinarazi zaio adin txikikoen Fiskaltzari eta Ertzaintzari eta bilaketa hasi du honek. Bere kabuz itzuliko balitz edota Ertzaintzak aurkitu eta eramango balu ondorioak ez lirateke horren larriak izango. Delituren bat egingo balu, ordea, ohiko justizia sistemaren aurrean erantzun beharko luke, adinez nagusia baita gaur egun.
Bere garaian Bilboko gizartea erabat hunkitu zuen hilketak. Senar-emazteekin harremanetan jarri ezin zela eta, biktimen senide bat haien etxera joan zen eta hilda aurkitu zituen, indarkeria zantzu handiekin: kolpeak zituzten buruan eta hainbat labankada ere bai. Etxe guztia nahasita eta odolez blai aurkitu zuten.
Falta den gaztea eta beste bat homizidioagatik eta indarkeriarekin egindako lapurretagatik zigortu zituzten (14 urte zituzten biek) eta aske utzi zuten, berriz, 16 urteko beste bat.