Gizartea -
Koronabirusa
Kotilioien ostean adineko pertsona zaurgarriekin harremana saihesteko gomendioa eman du Bengoak
"Kotilioi horietako bestondoa positiboak izan daitezke, eta are gehiago orain, hotzarekin eta barrualdera itzulita. Egoerak birusari indarra ematen dio, eta delta aldaerak aurrekoek baino gehiago atsegin du hori", esan du adituak Bilbon.
Agentziak | EITB Media
Rafael Bengoa Osasun Publikoko adituak adierazi duenez, norbaitek gabonetan kotilioiren batera joan, musukoa kendu eta segurtasun distantzia ez badu gordetzen, "arriskuak hartuko ditu", eta horregatik, bereziki gazteei, ondoren adineko pertsona zaurgarriekin harremana saihesteko eta etxerik ez partekatzeko gomendioa eman die.
"Kotilioi horietako bestondoa positiboak izan daitezke, eta are gehiago orain, hotzarekin eta barrualdera itzulita. Egoerak birusari indarra ematen dio, eta delta aldaerak aurrekoek baino gehiago atsegin du hori", ohartarazi du Bilbon.
Gabonetara begira, murrizketak (maskara eta segurtasun distantzia) mantendu beharko liratekeela uste du Bengoak, baina neurri gehiago hartu beharko ez direla erantsi du, txertaketa, adinekoentzako hirugarren dosia eta musuko "koktelarekin zuhurtziaz data horietara iristeko moduan gaudelako".
Hala ere, "zentzua" eskatu du adineko pertsonekin mahaia partekatzeko asmoa izatekotan, nahiz eta horiek txertoa jaso, hirugarren dosia oraindik ez dutelako hartu, eta kontuz ibili behar gara".
Azpimarratu duenez, positiboek gora egiten dute "ekitaldi jendetsuetan, lasaitzen garenean". Epidemiaren fase endemikora heltzean ere -40 edo 50 kasu 100.000 biztanleko- agerraldiak eta ospitaleratzeak izango dira, iragarri du.
Bengoaren hitzetan, "Urte bukaerarako eta datorren urte hasierarako sendagai berriak izango dira, eta oso onak klinikoki, hori albiste ona da, musuko, txerto eta hirugarren dosiarekin batera egoera nahikoa mesedegarria sortuko dutelako".
Hirugarren dosia biztanleria osoari emateko aukeraren inguruan, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburu ohiak adierazi du, "ez dute erabakita, ikerketarik ez dagoelako", baina Israel bezalako herrialdeak dagoeneko ematen ari dira, eta beste batzuk 5 eta 12 urte arteko umeak txertatzen hasi dira.
"Pediatrek haurrak txertatu behar direla diote, baina lehendabizi dosiak eskuragarri izan ez dituzten herrialdetara iritsi behar dira. Erabaki ia etiko bat da; lehenengo umeei txertoa ematen badiegu, estatu horiek axola ez zaizkigula esaten ariko ginelako", gogoeta egin du adituak.
Azkenik, Europan pandemia izaten ari den bilakaerari dagokionez, aurreneko lau olatuetan desekalatzea "azkarregi" egin ondoren, bosgarren olatuan prozesua hobeto egin da Euskadin, Espainian eta Europako zenbait herrialdetan, beste batzuek "barrualdean maskarak kendu dituzten eta 65 urtez gorako txertatuen immunitate galera gutxietsi duten bitartean, birusak berriro arnasa hartuz", azaldu du Bengoak.