Gizartea -
gasteiz
Umbra Light Festival jaialdiak 20 argi ikuskizun eskainiko ditu asteburu honetan Gasteizen
Jaialdiaren bigarren edizioak iraunkortasuna eta pandemia izango ditu ardatz. "Zeuk distira egitea nahi dugu" da aurtengo leloa, eta zortzi herrialdetako artistak jasoko ditu.
agentziak | eitb media
Umbra Light Festival jaialdiaren bigarren edizioak 20 argi ikuskizun eskainiko ditu Gasteizen, gaurtik igandera. Artista nazional eta internazionalen lanak jasoko ditu, zortzi herrialdetakoak guztira. Argi eta kolore instalazioak eraikinen, lorategien eta espazio publikoen gainean proiektatuko dira, eta gizakiak ingurumenean duen eragina izango dute ardatz, baita etorkizunerako garapen iraunkorra berreskuratzeko moduak ere bai. Halaber, covid-19ak eragindako pandemia ere jorratuko dute.
"Zeuk distira egitea nahi dugu" da ekimenaren aurtengo leloa, eta, antolatzaileek azpimarratu dutenez, instalazioek "aire zabaleko museo bizi" bilakatuko dute hiria, asteburu osoan.
Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak bultzatutako ekimenaren asmoa da hiria "erreferente nazional eta internazional" gisa finkatzea, light art delakoaren eta argiztapen jaialdien esparru esperimental, teknologiko eta sozialean.
Artelanen % 95 edizio honetarako sortu dituzte bertako eta mundu mailako artistek, besteak beste Frantzia, Italia, Belgika, Serbia, Uruguay eta Argentinakoak.
Lehen edizioak 84.000 pertsona baino gehiago erakarri zituen "Urbanismoak, paisaia urbano berriak" lelopean. Aurtengo edizioak, berriz, gizakiak ingurumenean duen eragina ipiniko du fokupean, baita etorkizunerako garapen iraunkor bat berreskuratzeko modua ere. Hala, azpimarratu nahi izan dute egungo "komunikazio sozialaren beharra".
Edizio honetarako, ibilbide esklusiboa antolatu dute. Alde batetik, giza-topaketarako puntu berriak bilatu nahi izan dituzte eta, bestetik, erakutsitako piezen eta haien inguruaren arteko harreman egokia.
Horrela, antolatzaileek jende-pilaketak murriztu nahi dituzte, erakusgune zabalagoak eskaini eta instalazioen arteko ibilbidea dinamikoago bilakatu. Hori dela eta, ibilbidea hiru ingurutara hedatuko da: Alde Zaharra, Zabalgunea eta Mendizorrotza / Lovaina.
Arabako hiriburua Europatik gisa horretako jaialdiak sustatzen dituen herrialde-sare baten parte da. Guztira, bederatzi jaialdi egiten dira urtero Txekian, Norvegian, Alemanian, Herbeheretan, Erresuma Batuan eta Frantzian. Espainiari dagokionez, aurten lehen aldiz, hiru hitzordu izango dituzte argi ikuskizunek, Gasteizen, Madrilen eta Bartzelonan.
Garapen iraunkorra
Jaialdiaren asmoa da NBEak Agenda 2030erako ezarritako 17 Garapen Iraunkorrerako Helburuek jasotzen dituzten kontzeptuetako batzuk erakustea, gune urbano eta naturaletan kokatutako argi instalazioen bitartez.
Lan-ildo horretatik, covid-19aren pandemiak sortutako testuinguru sozialean ipini du jaialdiak foku nagusia. Izan ere, hein handi batean, ekosistema naturalen hondatzeak eta gizakiak horiekin duen harremanak eragin zuten.
Zentzu horretan, 2021eko edizioaren leloa "Zeuk distira egitea nahi dugu" da. Horren asmoa da herritargoarentzat giza-, ingurumen- eta kultur-testuinguruarekin harremantzeko modu positibo bat sustatzea, Agenda 2030eko Garapen Iraunkorrerako Helburuetan oinarritua.