Gizartea -

Bizkaia

Barakaldoko Aita y Ama egoitza aldi baterako itxi dute "arau hauste larriengatik"

ELA sindikatuak abuztuan jo zuen Bizkaiko Aldundiarengana kudeaketa aldaketen ondorioz izandako irregulartasun ugari salatzeko. Salatutakoak egiaztatu ostean etorri da ixteko agindua.

Barakaldoko egoitzaren langileak, protestan, irailean. @ELAsindikatua
Barakaldoko egoitzaren langileak, protestan, irailean.
Barakaldoko egoitzaren langileak, protestan, irailean. @ELAsindikatua

agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bizkaiko Foru Aldundiak Barakaldoko (Bizkaia) Aita y Ama adinekoen egoitza (aurrez Iñigo Loyola egoitza) aldi baterako ixtea agindu du ELA sindikatuak salatutako "arau hauste larriak" egiaztatu ostean. Besteak beste, "justifikatu gabeko kaleratzeak, langileen estaldurarik eza, medikuntza edo erizaintza bezalako zerbitzuak desagertzea, ratioaren arloko ez-betetzeak..." salatu zituen sindikatu abertzaleak.

ELAk ohar batean jakinarazi duenez, abuztuan jo zuen Aldundira egoitzaren egoera "jasanezina" salatzeko.

Sindikatuaren arabera, "egoitza beste jabe bati eskualdatu zitzaionean gertatu ziren irregulartasunak, eta horrek erabateko babesgabetasuna ekarri zien egoiliarrei eta langileei. Hilabete eta erdiz erakundeei interpelazioa egiten, behin eta berriz hitz egiten eta salaketa formal eta publikoak egiten aritu ondoren, Bizkaiko ikuskaritza eta kontrol zerbitzuak egiaztatu du ELAk salatutako gertaerak egiazkoak direla, eta egoitza aldi baterako ixteko agindua eman du".

ELAren ustez, egoitza honetan gertatutakoa "egungo zaintza ereduak funtzionatzen ez duela erakusten duen adibide garbia da". Kritikatu duenez, Bizkaiko Foru Aldundiak "zaintza pribatizatuen ereduaren aldeko apustua egin du, pertsonen zaintza enpresen eta/edo jabeen esku utziz; izan ere, enpresa horiek etekin ekonomikoari lehentasuna ematen diote bizitzari".

Horregatik, ELAk ohartarazi du egoera horiek salatzen eta eredua lehenbailehen aldatzea eskatzen jarraituko duela, "zaintzak eta bizitza enpresa pribatuen onura ekonomikoen aurretik jartzeko", gaineratu du.

Bestalde, Bizkaiko Foru Aldundiak eitb.eus-i jakinarazi dionez, Sergio Murillo Gizarte Ekintzako diputatuak agerraldia du bihar, osteguna, batzordean, eta han emango ditu auziaren inguruko azalpenak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Barakaldo ELA Lana Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Adinekoentzako egoitzak Sindikatuak Lan gatazkak Euskadiko adinekoak