Gizartea -

Nafarroa Oinez

Lizarra Ikastolak Nafarroa Oinez txikiagoa antolatu du, jende pilaketak ekiditeko

Ikastolen jaia bi egunetan ospatuko dute: urriaren 16an eta 17an. Ez da ohiko zirkuitua izango eta ekimenak hirian sakabanatuta egongo diren zazpi gunetan antolatuko dituzte.

Lizarran egingo duten Nafarroa Oinezen aurkezpena. Argazkia: Nafarroa Oinez
Lizarran egingo duten Nafarroa Oinezen aurkezpena. Argazkia: Nafarroa Oinez
Nafarroa Oinez aurten ospatuko da, baina mugatua

1:2

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Lizarra Ikastolak antolatutako Nafarroa Oinez jaia "txikiagoa eta umilagoa" izango da aurten, eta bi egunetan ospatuko dute: urriaren 16an eta 17an. Jende pilaketak ekidite aldera erabaki dute horrela egitea.

Iaz, bertan behera utzi behar izan zuten jaialdia, pandemiaren eraginez, eta, beraz, urtebeteko atzerapenarekin ospatuko dute Lizarra Ikastolaren 50. urteurrena.

Nafarroan neurri murriztaileak indargabetuta badaude ere, antolatzaileek festaren ohiko formatua ez errepikatzea erabaki dute eta Lizarrara hurbiltzen diren herritarrei "arduraz, zuhurtziaz eta errespetuz" jokatzeko deia luzatu dute.

"Jendeak ongi pasatzea nahi dugu, baina pasatu gabe. Norberaren segurtasunagatik nahiz ingurukoengandik, arduraz jokatu beharra daukagu", azpimarratu dute.

Aurtengoa Nafarroa Oinez "txiki bat" izango bada ere, betiko ilusioarekin eta maitasunarekin eta ehunka boluntarioaren laguntzarekin antolatu dutela nabarmendu dute.

Nobedade nagusiak bi dira: bi egunetan ospatuko dutela eta betiko zirkuitua izango ez dela. Hala, bertaratzen direnak askatasunez mugitu ahalko dira hirian izango diren zazpi guneetan barrena.

Larunbatean, urriaren 16an, ekimen nagusiak Santiago eta Foruen plazentan izango dira; eta igandean, gainerako guneak irekiko dituzte: zezen plaza, ikastola, parkea, frontoia eta Kultura Zentroaren lorategia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Nafarroa Nafarroa Oinez Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Lizarra