Gizartea -

KORONABIRUSA

Ipar Euskal Herrian Lehen Hezkuntzako haurrek ez dute musukoa erabili beharko astelehenetik aurrera

Bost egunez segidan 50en azpitik mantendu da intzidentzia, eta, beraz, Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharko ikasgeletan.

Haurrak ikastetxean. Irudia: Irekia
Haurrak ikastetxean
Haurrak ikastetxean. Irudia: Irekia

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunotan arindu egin da Ipar Euskal Herrian arrisku maila. Bost egunez segidan 50en azpitik mantendu da intzidentzia, eta, ondorioz, astelehenetik aurrera, Lapurdiko, Nafarroa Behereako eta Zuberoako Lehen Hezkuntzako ikasleek ez dute musukorik erabili beharko ikasgeletan, Frantziako Estatuko Aldizkari Ofizialean ostegun honetan argitaratutako zerrendaren arabera.

Irailaren 2an Ipar Euskal Herriko haur eta gazteek iazko protokolo ia berarekin ekin zioten ikasturte berriari, baina, arduradunek iragarri zuten aldaketak izango zirela egoera epidemiologikoaren arabera.

Hala, Frantziako Gobernuak irailean zenbait neurri arindu zituen birusaren intzidentzia baxua zen zonaldeetan. Pirinio Atlantikoetako departamentua, baina, eremu gorrian zen une hartan. Behin intzidentzia maila jaitsi eta zonalde gorritik irten bezain pronto, Ipar Euskal Herriko haurrek eskolara musukorik gabe joateko aukera izango zutela iragarri zuen, eta iritsi da eguna.

Eskolako neurriekin batera, edukieran ere aldaketak izango dira Ipar Euskal Herrian. Hala, dantzalekuetan edo musika emanaldietan, esaterako, ez da edukiera mugarik izango. Dena dela, prefetak esan duenez, jende pilaketak dauden eremuetan edo hiri erdiguneetan musukoa erabiltzen jarraitu beharko da. Gainera, ostatuetan, zinema-aretoetan edo museoetan osasun-ziurtagiria beharrezkoa izango da.

Gaur gaurkoz 61 pertsona daude erietxeetan, sei suspertze zerbitzuan, eta txertoaren lehen dosia biztanleriaren % 84ak jaso du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iparraldea Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Zientzia Osasun albisteak Medikuak Erizaintza Sendagaiak Txertoak Zuberoa Koronabirusa Lapurdi Nafarroa Behereko azken ordukoa Anbulatorioak