Gizartea -

Koronabirusa

EAEko Auzitegi Nagusiak % 60an utzi du futbol estadioen edukiera

LaLigak eskatutako kautelazko neurri bereziak baztertu ditu Auzitegiak, eta astelehenera arteko epea eman dio Jaurlaritzari alegazioak aurkezteko. Horrenbestez, Athleticen eta Alavesen arteko derbia ezingo da harmailak beteta jokatu.

Realaren zaleak taldea animatzen Reale Arenan. Argazkia: EFE
Realaren zaleak taldea animatzen Reale Arenan.
Realaren zaleak taldea animatzen Reale Arenan. Argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak % 60an utzi du Euskadiko futbol zelaien edukiera, eta LaLigak eskatutako kautelazko neurri bereziak baztertu ditu. Hala, asteleheneko 14:00ak arteko epea eman dio Administrazioari, Eusko Jaurlaritzari, bere alegazioak aurkezteko.

Horrela, Athletic-Alaves ezingo da harmailak beteta jokatu San Mamesen. Halaber, Amorebieta eta Eibar taldeek ere ezingo dituzte zelaiak lepo bete.

Gaur kaleratutako autoan, Administrazioarekiko auzien Salak ez dio gaiari "aparteko urgentziarik" ikusi. Argudiatu duenez, edukiera mugek "gai oso delikatu bati eragiten diote, osasun publikoari", eta "ezinbestekoa" deritzo Administrazioaren argudioak entzutea erabakia hartu aurretik. Hala, astelehenera arteko epea (14:00) eman dio Eusko Jaurlaritzari bere arrazoiak azaltzeko.

Erabakiak Futbol Liga Profesionalari eragin liezazkiokeen kalte ekonomikoei buruz, "larriak" direla aitortuta ere, Salak esan du kalte-ordainak ezar litezkeela neurriak justifikaziorik ez dutela frogatuko balitz.

Jaurlaritzak lehendakariaren ahotik iragarri duenez, covid-19agatik ezarritako osasun larrialdia bertan behera utziko du asteartean. Hortaz, edukieraren alorrean dauden murrizketak bertan behera geratuko lirateke.

Aurrekariak

Futbol Liga Profesionalak helegitea jarri zuen Jaurlaritzak EAEko zelaietan edukiera % 60ra mugatzeko hartutako erabakiaren aurrean, Espainiako Estatuko gainerako erkidegoetan Lurraldearteko Osasun Kontseiluak onartutakoa % 100ean utzi dutelako.

Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek futbol estadioetako edukiera murrizketei amaiera ematea erabaki zuten atzo Osasun Sistema Nazionaleko Lurraldearteko Osasun Kontseiluko Osasun Publikorako Batzordean. Hala, ostiraletik aurrera eserleku guztiak berreskuratuko dituzte, pabiloi itxietan izan ezik (% 80ko edukiera izango dute).

EAEk izan ezik, gainerako autonomia erkidegoek onartu egin zuten erabakia. Jaurlaritzak, ordea, LABIren Batzordeak bilera egin arte ez zituela edukierak aldatuko aurreratu zuen. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak, bere aldetik, edukiera-mugak ezartzeko eskumena autonomia erkidegoena dela gogorarazi eta Euskadin larrialdi-egoera bertan behera uzteko "egun batzuk" falta direla gaineratu zuen.

Duela bi aste ere, helegilea jarri zuen Espainiako Futbol Liga Profesionalak, Eusko Jaurlaritzak ezarritako % 30eko edukieraren kontra. Orduan epaileak helegite hori aintzat hartu zuen eta edukiera % 60ra igo zen.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak San Mames Anoeta-Reale Arena Mendizorrotza Euskal Autonomia Erkidegoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak LaLiga EA Sports Liga Hypermotion Ipurua zelaia