Gizartea -

Koronabirusa

Futbol zelaietan edukiera % 100ekoa izatea adostu du Lurraldearteko Osasun Batzordeak

Ostiraletik aurrera aire libreko zelaietako eserleku guztiak okupatu ahal izango dituzte zaleek. Eusko Jaurlaritza abstenitu egin da bozketan, eta ez ditu EAEko edukierak aldatuko LABIren hurrengo bilerara arte.

San Mames zelaia. EFE
San Mames zelaia.
San Mames zelaia. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Futbol zelaietan edukierari ezarritako mugak bertan behera uztea adostu dute Osasun Ministerioak eta autonomia erkidegoek Lurraldearteko Osasun Batzordean, eta, hala, ostiraletik aurrera aire libreko futbol zelaietan aulki guztiak erabili ahalko dira. Halaber, saskibaloiko kantxa itxietan edukiera % 80koa izatea onartu du Lurraldearteko Osasun Batzordeak. 

Eusko Jaurlaritza abstenitu egin da bozketan, eta ez ditu edukierak aldatuko LABIren Batzordeak bilera egin arte

Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Radio Euskadin azaldu duenez, erkidegoen eskumena da muga hori ezartzea; "zelaietan edukierak zein modutan mugatzen diren hemen erabakiko dugu", azpimarratu du. 

Era berean, esan du erkidegoko edukierak egoera epidemiologikoaren arabera ezarriko direla. "Gehienezko edukiera hori ezartzean, 'horraino' horrek gehiago mugatzea ahalbidetzen digu", aurreratu du. 

EAEn, kanpoaldeko gehienezko edukiera % 30etik % 60ra pasatu zen irailean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak igotzea onartu ostean, egoera epidemiologikoak hobera egin zuela argudiatuta. Ebazpenak ez zien saskibaloi eta eskubaloi talde profesionalen gune itxiei nahiz pilotalekuei eragiten, edukiera zabaltzeko eskaera Futbol Liga Profesionalak egin baitzuen. 

EAEn ez bezala, Nafarroan ostiral honetan sartuko dira indarrean neurriok, Maria Chivite Foru Erkidegoko presidenteak atzo iragarri baitzuen Lurraldearteko Batzordean hartutako erabakiak aplikatuko zituela. 

Gainerako neurriak mantentzen dira

Osasun Ministerioak neurri ez farmakologikoei eusteko beharra azpimarratu du. Hala, ez da janaririk edo edaririk salduko, ezta haiek kontsumitzeko baimenik izango ere, eta ezingo da erre, ez barnealdeetan, ez kanpoaldeetan. Era berean, akordioak azpimarratzen du bereziki zainduko dela musukoaren derrigorrezko erabilera betetzen dela eta osasun jarraibideak errespetatzen direla. 

Neurri hauek urriaren 1etik 31ra egongo dira indarrean, eta, ondoren, berriro aztertuko dute egoera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbola Kirolak Saskibaloia San Mames Anoeta-Reale Arena Mendizorrotza Eusko Jaurlaritza berriak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Sadar Koronabirusa