Gizartea -

Koronabirusa

Nafarroako hiru txertaketa-gune handiren itxiera iragarri du Osasunbideak

Iruñean Foremen, Tuteran Sofia Erregina ospitalean eta Lizarran Garcia Orcoyen ospitalean jarri ahalko da txertoa.

Emakume bat txertoa jasotzen Nafarroan. Argazkia: EFE.
Emakume bat txertoa jasotzen Nafarroan. Argazkia: EFE.
Emakume bat txertoa jasotzen Nafarroan. Argazkia: EFE.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nafarroako Osasun Departamentuak iragarri du hiru txertaketa-gune handi itxiko dituela datorren astean: Iruñeko UPNAn eta Maristak ikastetxean jarritakoak eta Tuterako Jesuiten kiroldegikoa. Osasunbideak azaldu duenez, txertaketa-prozesua erritmo onean doa, eta dagoeneko ez dira beharrezkoak gune horiek. Izan ere, Nafarroako herritarren % 70 baino gehiago pauta osoarekin immunizatuta daude jada.

Horrela, foru agintarien arabera, Nafarroako Unibertsitate Publikoko kiroldegian eta Maristen egoitzan jarritako txertaketa-guneak itxiko dituzte irailaren 16an eta 17an, hurrenez hurren. Hala ere, Foremen jarraituko dute txertoak jartzen, bai aldez aurretik txertoa jasotzeko hitzordua hartuta, bai ordua hartu gabe.

Tuteran, aldiz, irailaren 20an itxiko dute Jesuiten kiroldegian egokitutako gunea, eta, beraz, Sofia Erregina ospitaleko larrialdien ondoan dagoen moduluan jarraituko dute txertoa jartzen, Iruñeko baldintza berdinetan. Lizarran, bestalde, datorren astearen amaieran amaituko dute bigarren dosiak emateko kanpaina oinarrizko eremuetan, eta txertaketa-puntuari eutsiko zaio Garcia Orcoyen ospitalean.

Osasunbideak iragarri du 19.000 dosi jarriko dituztela aste honetan, 12 eta 19 urte bitartekoen eta 20 eta 29 urte bitartekoen txertaketa-prozesua amaitzeko. Nafarroako herritarren gehiengoa erabat immunizatuta egongo da horrela covid-19aren aurka, eta oraindik txertoa jarri edo pauta osatu ez dutenei "bigarren aukera" emateko sistema bat planifikatuko dute. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñea Nafarroa Tutera Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Nafarroako Gobernua Lizarra Koronabirusa