Gizartea -

Afganistan

Nilofar Bayat saskibaloilari afganiarra Kabuletik irten da, EAE jomuga duela

Bayat bera eta beste 109 lagun Espainiako indar armatuen hegazkin batean atera dira gaur Afganistandik. Gazteak Bidaideak BSR saskibaloi taldea jokatuko du datorren denboraldian.

Nilofar Bayat saskibaloira jolasten. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.
Nilofar Bayat saskibaloira jolasten.
Nilofar Bayat saskibaloira jolasten. ETBko bideo batetik ateratako argazkia.

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Nilofar Bayat Afganistango saskibaloilariak herrialdetik ateratzea lortu du gaur, Euskadi jomuga, Bilboko Bidaideak BSR taldean aritzeko hurrengo denboraldian. 

Talibanek Kabulen sartu eta garaipena aldarrikatu zutenean, laguntza eskatu zuen Bayatek, eta horri erantzunez, Bidaideak taldeak eskaintza egin zion: fitxa zabalduko zion datorren denboraldian Bilbon jokatzeko.

Bayat Espainiako indar armatuen hegazkin batean atera da Kabulgo aireportutik, beste 109 pertsonekin batera. Hegazkina 06:30ean atera da Afganistanetik eta 10:00etan zen iristekoa Dubaira (Emirerriak).

Antonio Pampliegak, Bayaten lagun eta gatazka eremuetan espezializatutako kazetariak, Twitterren baieztatu du albistea Bayat eta Ramish senarraren argazki bat eskegita.

"Listo. Badatoz. Azkenean, hau da garrantzitsuena. Nilofar moduko milaka emakume etorri ahalko balira! Eskerrik asko bigarren aukera hau emateagatik", dio mezuan.

Jose Manuel Albares Espainiako Atzerri ministroak jakinarazi duenez, Bayaten hegazkin berean doazen 110 pertsonetatik 50 bat Espainiako Estatuan geratuko dira. Albaresen arabera, Afganistanen Espainiako erakundeentzat lan egiten duten pertsona guztiak topatzeko eginahalak egiten ari dira, baina kasu batzuetan zailtasunak dituztela onartu du. "Ez dugu inor atzean utziko", azpimarratu du.

Bestalde, 800 pertsona ebakuatzeko asmoa dutela esan dute Espainiako Gobernuko iturriek, baina Afganistango egoeraren bilakaeraren arabera zehaztuko dute azken kopurua. Orain arte, lau hegazkin erabili dituzte ebakuazio dispositiboan, baina ez dute jakitera eman Espainiara zenbat pertsona ebakuatu dituzten.

Kabulgo aireportura sartzeko arazoak direla eta, bidalitako hegazkinetako asko pertsona gutxiagorekin ateratzen ari dira, eta, kasu batzuetan, aurreikusita ez zeuden baina beste herrialde batzuetara joateko baimena duten pertsonak hartzen ari dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Bilbo Euskal Autonomia Erkidegoa Espainiako Gobernua Espainia bideoak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Beste kirol batzuk Feminismoa Errefuxiatuak Giza eskubideak Afganistan