Gizartea -
ENERGIA BERRIZTAGARRIAK
Parke eolikoek ingurumen-irizpideak zorrotz bete beharko dituztela ziurtatu du Tapiak
Sailburuaren esanetan, "Ingurumen bermeak dituzten energia berriztagarriak" behar dira, eta, beraz, Tapiaren arabera, izapidetzen ari diren parke eolikoak eta fotovoltaikoak ez dira "edozein preziotan" martxan jarriko.
o.p. | eitb media
Arantxa Tapia Garapen Ekonomiko, Iraunkortasun eta Ingurumen sailburuak esan du "ingurumen bermeak dituzten energia berriztagarriak" behar direla, eta, ildo horretan, parke eolikoak jartzeko proposamen guztiak "zorrotz" aztertzen direla eta ez dela martxan jarriko araudiak ezarritako ingurumen irizpideak "betetzen ez dituen" bat bera ere.
Radio Vitorian egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, hainbat parke eoliko eta fotovoltaiko izapidetze prozesuan daude eta "eta guztiak dira garrantzitsuak", baina horiek ez dira "edozein preziotan" martxan jarriko. "Parke eolikoak behar ditugu, baina beti biodibertsitatea eta ingurumenaren babesa bermatuta", adierazi du.
Tapiak ohartarazi duenez, energiaren prezio altuek ere zerikusia dute "energia berriztagarri gehiago martxan jartzeko beharrarekin". Euskadiren kasuan "berriztagarri gutxi" sortzen dela azpimarratu du, eta, hori dela eta, "esfortzua" egin behar dela esan du, bai parke handiak bai instalazio txikiak martxan jartzeko, "dena beharrezkoa izango delako".