Gizartea -
Koronabirusa
Bezperan baino 175 kasu gutxiago atzeman dituzte Euskadin, baina gaixo kritikoak areagotu egin dira
Ospitaleetako datuek okerrera egin dute: 41 pertsona ospitaleratu dituzte eta 5 pertsona gehiago daude ZIUetan; 66 paziente daude kritiko.
EITB MEDIA
Koronabirusarekin kutsatutako 581 pertsona atzeman dituzte Euskadin azkeneko orduetan, bezperan baino 175 gutxiago. Hala ere, positibotasunak altu jarraitzen du, zehazki, % 11,4.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbateko pandemiaren bilakaeraren berri eman du; datuen arabera, 5.086 proba diagnostiko egin zituzten atzo, ostiralean baino ia 1.500 gutxiago.
Egindako testen arteko aldeagatik, positibotasuna 3 hamarren baino ez da jaitsi, % 11,7tik % 11,4ra.
Infekzio berri guztietatik, 326 Bizkaian diagnostikatu zituzten, 149 Gipuzkoan, 98 Araban eta 8 autonomia-erkidegotik kanpo bizi ziren pertsonen kasuak dira.
ZIUen egoerak okerrera egin du. Lau egunez behera egin ostean, larunbat honetan 66 gaixo zeuden zainketa intentsiboen beharrean, bezperan baino 5 gehiago.
Ospitaleratu behar izan zituzten gaixoen kopuruak ere gora egin du: 36 izan ziren ostiralean, eta 41 larunbatean.