Gizartea -

Koronabirusa

Talde immunizazioa lortzeko herritarren % 90ek edo % 95ek egon beharko dute txertatuta

Miren Basaras EHUko Mikrobiologia irakasleak ohartarazi duenez, ez da erraza izango epe laburrean ehuneko horretara heltzea, 12 urtez azpikoak babestuta egon beharko liratekeelako eta adin tarte horretarako ez dagoelako baimendutako txertorik.

Hainbat pertsona, Bilbon. Argazkia: EITB Media
Hainbat pertsona, Bilbon.
Hainbat pertsona, Bilbon. Argazkia: EITB Media

Eider Garaikoetxea O. | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) gainditzear du covid-19aren kontrako immunizatuen ehuneko desiratua: 12 urtetik gorako EAEko herritarren % 70 birusaren aurrean babestuta egotea. Datua, baina, ez da nahikoa, azken ikerketen arabera. Miren Basaras EHUko Immunologia, Mikrobiologia eta Parasitologia Saileko irakaslearen esanetan, ehuneko horrek "% 90etik gertuago egon beharko luke, baita % 95etik gertuago ere".

ETBri eskainitako elkarrizketa batean azaldu duenez, aldaera berriek kutsakorrago egin dute birusa, eta, "ondorioz, jende gehiagok egon behar du txertatuta". Adituaren hitzetan, "argi dagoena da % 70eko datuarekin ez garela talde immunizaziora helduko".

Orain arteko txertaketa erritmoari eusten bazaio, % 90eko langa udazken amaieran gaindi daiteke. Dena dela, hori lortzeko "12 urte baino gehiagoko herritarrak ez ezik, adin horretatik beherakoak ere immunizatuta egon beharko dira, eta gaur-gaurkoz ez daukagu baimendutako txertorik umeentzat". Izan ere, Pfizer eta Moderna konpainien prestakinek badute EMAren baimena 12-17 urtekoak babesteko, baina ez hortik beherakoak txertatzeko.

Hori horrela, txertaketarekin aurrera egiteaz gain, prebentzio neurriei eusteko eskatu du adituak, eta, besteak beste, musukoa erabiltzeko eta pilaketak saihesteko. "Birusaren transmisioa ahalik eta gehien mugatu behar dugu aldaera kutsakorragoak sor ez daitezen", nabarmendu du.

Kontuan izan osasun agintariek koronabirusaren aurrean eman dituzten aholkuak. Gaitzaren sintomarik baduzu, EAEn bizi bazara, osasun-zentrora deitu, eta zalantzarik izatekotan, Osasun Batzordearen telefonoa duzu eskuragarri: 900 20 30 50. Nafarroan bizi bazara, berriz, Osasun Batzordearen telefonora dei dezakezu: 948 290 290. Gogoratu covid-19a ez hedatzeko modurik eraginkorrena musukoa erabiltzea, espazioak aireztatzea, segurtasun-distantzia gordetzea eta eskuak sarri garbitzea dela.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza EHU Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak Umeak Txertoak Koronabirusa Gazteak