Gizartea -
Koronabirusa
Hirugarren dosia egon litekeela eta txertoa urtero hartu beharko dela esan du Dariasek
Espainiako Osasun ministroak baieztatu duenez, covid-19aren aurkako inokulazioak urterokoak izango dira, eta iragarri du kontratuak adostu dituztela 2022 eta 2023rako Pfizer eta Modernarekin, baina ez du zehaztu zein izango den txertaketa-egutegia.
EITB Media
Carolina Darias Espainiako Osasun ministroak ziurtatu duenez, "zantzu guztien arabera", covid-19aren kontrako "hirugarren dosi bat" hartu beharko dugu, indartzaile gisa, baina ez du zehaztu noiz hasiko diren txerto horiek ematen.
Onda Cero irratian egindako elkarrizketa batean, Dariasek azaldu du Espainiako Gobernuak Pfizer eta Moderna enpresekin 1.800 eta 480 milioi euroko kontratuak adostu dituela, hurrenez hurren, 2022an eta 2023an hirugarren txertoa emateko dosiak jasotzeko. Horrela, Espainiako Estatuak dosi indartzaileak jasoko ditu.
Urtero txertatu beharko den galdetuta, Osasun ministroak argi esan du: "Bai, zalantzarik gabe". Hala ere, egungo helburua "mundu guztiari txertoa jartzen jarraitzea da", horren esanetan, "ahal izanez gero, pauta osoa herritar guzti-guztiei eman arte".