Gizartea -
Koronabirusa
Mallorcako agerraldiagatik ikasleak konfinatzearen kontra agertu da Fiskaltza
200 ikasle baino gehiago hotel batean isolatuta daude, Poliziaren zaintzapean. Fiskaltzak esan du neurri horrek oinarririk ez duela eta gehiegizkoa dela.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Ikasturte amaierako bidaiekin lotuta Mallorcan atzemandako koronabirus agerraldiak direla eta, Balearretako Gobernuak 200 ikasle baino gehiago nahitaez konfinatzeko agindua eman zuen, baina Fiskaltzak ebazpen hori ez berresteko eskatu dio gaur Palmako Auzitegiari.
Fiskaltzaren arabera, Osasun Publikoaren Zuzendaritzak ezarritako neurriak "ez du oinarririk eta gehiegizkoa da". Ikasleak Palmako Bellver hotelean daude isolatuta.
Ministerio Publikoak ez du zalantzan jarri gazte horiek positibo eman dutenen kontaktu estuak direnik, baina Gobernuaren erabakia kritikatu du, ikasle guztiak, salbuespenik gabe, susmagarri bihurtu dituelako.
Halaber, kutsatzeak gertatu ziren establezimenduetan, ikasleez gain, adin tarte eta kolektibo ezberdinetako pertsonak egon zirela nabarmendu du Fiskaltzak.
"Harritzekoa da ikasleak bakarrik jotzea susmagarritzat, eta hoteletako eta ostalaritza establezimenduetako gainerako bezeroak edo langileak kontaktu estutzat hartu ez izana", erantsi du.