Gizartea -
koronabirusa
Deseskalatzea aurrera doa Euskal Herri osoan datuen bilakaera onari esker
Ipar Euskal Herrian maskara ez da jada derrigorrezkoa kanpoaldean. Nafarroak edukiera eta ordutegiak zabalduko ditu gauerditik aurrera eta EAE biharko LABIren erabakien zain dago.
o.p. | eitb media
Tunelaren amaieran argia. Hori da Euskal Herriko jendarteak ikusten duena, egoera epidemiologikoaren hobekuntzari eta txertaketaren aurrerapenari esker. Izan ere, hobekuntza horiek covid-19a geldiarazteko hartutako neurri murriztaileen arintze mailakatua dakarte eurekin.
Ipar Euskal Herrian, esaterako, gaurtik jada ez da derrigorrezkoa kanpoaldeetan maskara janztea; hala ere, derrigorrezko izaten jarraituko du, duela zazpi hilabetetik bezala, barnealdeetan eta egoera jakin batzuetan, itxaron-ilada edo jende pilatzeetan. Hego Euskal Herrian, maskararen derrigortasuna kentzeko Espainiako legeria aldatu beharra dago, eta, beraz, ez Eusko Jaurlaritzak, ez Nafarroako Gobernuak, ezingo dute horren gaineko erabakirik hartu.
Era berean, etxeratze aginduak ere azken egunak ditu Ipar Euskal herrian, izan ere, ekainaren 20tik aurrera, hau da, igande honetatik, ez da derrigorrezko izango 21:00etarako etxeratzea. Agindu hau ia zortzi hilabetez egon da indarrean, egoeraren arabera 18:00etan edo 19:00etan izanik ordu muga, eta azken hilabetean 21:00etan.
Nafarroan gaur gauerdian indarrean sartuko da Foru Arau berria, eta horrekin zabaldu egingo dira hainbat sektore eta aktibitateetako edukiera eta ordutegiak. Hala, ostalaritzako barrualdeetako edukiera % 30ekoa izatetik % 50ekoa izatera pasako da, eta mahai bakoitzean gehienez ere 6 lagun elkartu ahalko diren arren, itxiera ordutegia 24:00etara luzatuko da.
Elkarte gastronomikoek eta peñek ere edukiera % 30etik % 40ra zabalduko dute, eta gauerdira arte (ordubete gehiago) irekita egon ahal izango dute.
Halaber, liburutegien, monumentuen, erakusketa-aretoen eta museoen ordutegia gauerdira arte luzatuko da, baita zinema, antzoki, auditorio, karpa-zirku eta antzekoena ere.
Euskadi LABIaren zain
Euskal Autonomia Erkidegoari (EAE) dagokionez, LABIk bihar erabakiko du Bizi Berri III planean jasotako 2. Mailako Agertokiko neurriak aplikatzen dituen; izan ere, maila horretan dago erkidegoa herenegundik, azken 14 eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 150 kasutik behera baita.
Bingen Zupiria Kultura sailburu eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak gaur adierazi duenez, espero du LABIko Batzorde Zientifiko eta Teknikoko kideek osasun egoeraren "bilakaera ona" baieztatzea, eta modu horretan neurriak arindu ahal izatea "datozen asteetan bizitza soziala neurri batean zabaltzea ahalbidetuz".
Aurreikusitako neurriak aplikatzen badira, jarduerak eteteko eta establezimenduak ixteko ordutegia 01:00ak arte atzeratuko da. Era berean, edukiera handituko da dendetan, azoka-esparruetan eta azoka txikietan, bai eta kanpoko kultura-ekitaldietan eta kultu-aretoetan ere.
Gehieneko edukiera, kirol-ekitaldiak ez direnetan, 600 pertsonara luzatuko da barnealdeetan eta 800 pertsonara kanpoaldean, pertsonen arteko gutxieneko distantzia ziurtatuta beti ere. Kirol-ekitaldietan, publikoa baimenduko da, baldin eta % 60ko edukiera gainditzen ez bada; gainera gehienez 800 pertsona bildu ahalko dira barruan edo 1200 kanpoan. Ostalaritzan ere sei pertsona egongo lirateke gehienez mahai bakoitzean.
Era berean, urritik itxita egon diren txoko eta elkarte gastronomikoak ireki ahal izango dira berriro, hori bai, ordutegi, edukiera eta distantzia mugekin.
Talde-jarduerei dagokienez, kirol-jarduerak egin ahalko lirateke barnealdeetan, gehienez ere hamar pertsonako taldeetan; kanpoko bisita gidatuen, natura-turismoaren edo jolas-zentro turistikoen jarduerak antolatzeko, talde horiek zabalagoak izan ahalko dira. Halaber, igerilekuen, lorategien, hoteletako terrazen eta kanpinen kanpoaldean edukiera % 60ra igotzeko aukera aurreikusten da.
Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) batzarra bihar, ostirala izango da, 16:30ean hasiko da Lehendakaritzan, eta erabakitzen dutena erabakitzen dutela, gaur egungo neurriak indarrean egongo dira astelehenera arte gutxienez, Jaurlaritzako iturrietatik azpimarratu dutenez.