Gizartea -
Koronabirusa
Nafarroak astebete luzatuko ditu egungo covid-19aren aurkako neurriak
Hilaren 17an arinduko dituztela espero dute, eta udari begira beste arau sorta bat onartu nahi dute, uztailean eta abuztuan indarrean izateko.
agentziak | eitb media
Nafarroak, "zuhurtzia"gatik, astebete luzatuko ditu gaur egun indarrean dauden murrizketak, nahiz eta lurralde arteko kontseiluak malgutzea aztertu.
Horixe jakinarazi du Santos Indurain Osasun kontseilariak, Nafarroak, osasun eta datu epidemiologikoetan oinarrituta, ibilbide propioari eutsiko diola gogorarazi aurretik.
Hori horrela, hilaren 17an neurriak arinduko dituztela espero omen dute, eta udari begira beste arau sorta bat onartu nahi dute, uztailean eta abuztuan indarrean izateko, baina aldatzeko aukerarekin.
"Nafarroa ibilbide propioa jarraitzen ari da", adierazi du, baina zehaztu du eragina duela gobernantza partekatuak ere, Osasun Ministerioarekin "gutxieneko akordioetara" iritsita "neurrietan batasun maila bat lortu eta horrela eraginkortasuna irabazteko eta herritarren aurrean diskurtsoa indartzeko".
Puntu horretan, gutxieneko irizpideetan ahal den adostasun maila handiena lortzea aldarrikatu du, gero erkidegoek errealitate propiora egokitu ahal izateko, eta Nafarroaren kasuan, Gobernuak "sendotu" egin nahi du lortutakoa, eta horregatik "alerta eta arrisku mailaren" arabera "malgutu".
Nafarroa arrisku ertain eta baxuaren artean dagoela zehaztu du Indurainek, 14 eguneko intzidentzia metatua 133koa delako 100.000 biztanleko, eta 55ekoa azken 7 egunak kontuan izanda.
Neurriak
Hori horrela, ostalaritza lokalak 23:00k arte ireki ahal izango dituzte, barrualdean edukieraren % 30a gehienez, eta % 100a kanpoan, segurtasun distantzia zainduta.
Aurreko astearen aldean, berritasun nagusia da merkataritza eremu ertain eta handietan % 40tik % 50era igo dutela gehienezko edukiera, eta 15 pertsona elkartu ahal izango dira zuzendutako jarduera fisikoan.