Gizartea -
Koronabirusa
Ipar Euskal Herriko 18 urtetik gorakoek txertatzeko ordua har dezakete jada
Astelehenean, iragarritakoa baino bi aste lehenago, hasiko dira 18-49 urtekoak babesten. Internet bidez har daiteke txanda, ostegun honetatik bertatik.
Eider Garaikoetxea | EITB MEDIA
Iragarritakoa baino bi aste lehenago, maiatzaren 31n, hasiko dira Ipar Euskal Herrian 18 urte gorakoak txertatzen, Jean Castex Frantziako lehen ministroak iragarri zuenez, eta gaurtik bertatik har daiteke horretarako hitzordua.
Hala, adinez nagusia den orok Internet bidez (doctolib.fr webgunean) har dezake zita. 11:00etan zabaldu dute aukera, osasun agintarien esanetan.
Berez, ekainaren 15ean hasi behar ziren 18 urtetik gorakoak immunizatzen, baina txertaketa kanpaina erritmo onean joan da azken asteetan, eta aurreratzea lortu dute.
Bestalde, Alain Fischer Frantziako Estatuko txertaketa kanpainaren arduradunak duela gutxi iragarri duenez, ekainean 16-18 urtekoak immunizatzeari ekingo diote, eta irailerako espero da 12 eta 15 urte bitartekoak txertatzen hastea.