Gizartea -

MENDIKO ISTRIPUA

CSICeko hiru kargudun ikertzen ari dira Bergarako mendizale bat hil zen istripuagatik

2018ko martxoaren gertatutako mendi istripu berean, Roberto Sanchez ikertzaile lasartearra larri zauritu zen.

Larrialdi zerbitzuak lanean, Aran haranean (Lleida). Artxiboko irudia: FORTA
Larrialdi zerbitzuak lanean, Aran haranean (Lleida)
Larrialdi zerbitzuak lanean, Aran haranean (Lleida). Artxiboko irudia: FORTA

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Vielhako epaile batek CSIC Espainiako Zientzia Ikerketen Kontseilu Nagusiko presidentearen eta bi kargudunen aurkako ikerketa zabaldu du, bi pertsonaren heriotza eragin zuen mendi istripuagatik. 2018ko martxoan Aran bailaran gertatutako elur-jausian, Unai Perez de Arenaza mendizale bergararra hil eta Roberto Sanchez ikertzaile lasartearra larri zauritu ziren.

Lleidako Auzitegiak maiatzaren 27an deklaratzera deitu ditu Rosa Menendez CSICeko presidentea eta garai hartan lan arriskuen prebentzioaz eta giza baliabideen kudeaketaz arduratzen ziren kargudunak, langileen osasunaren eta segurtasunaren aurkako delitua egin zuten argitzeko, EFE albiste agentziak epailearen autoaren berri jasota zabaldu duenaren arabera.

Ezbeharra 2018ko martxoaren 22an gertatu zen, Conangles haranean. CSICeko proiektu baterako ikerketa lanak egiten ari ziren; zehazki, Redon aintziratik ur laginak hartzera joanak ziren.

Istripuan, bi pertsona hil ziren: Unai Perez de Arenaza mendizale bergararra eta Gaspar Giner Abati Salmancako biologoa. Gainera, Roberto Sanchez ikertzaile lasartearra larri zauritu zen.

Ikerketa proiektuko zuzendariak hitzez errekrutatu zituen bi hildakoak, administrazio izapiderik eta inolako kontratazio eskaera formalik egin gabe.

Hori dela eta, Gizarte Segurantzak demanda bat aurkeztu zuen. Hildakoek CSIC erakundearekin lan harremana zutela onartu zuen Lleidako 1. Epaitegiak epai batean, nahiz eta agentziak horrelakorik ukatu. Hain zuzen ere, aipaturiko epaiaren aurkako helegitea aurkeztu zuen Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean.

Hildakoen senideak herri akusazio gisa aurkeztu dira auzian, eta CSICeko goi-kargudunak inputatzea eskatu dute, espedizioa prebentzio neurririk gabe egin zela iritzita.

Ezbeharraren ondoren, 2018ko apirilean, CSICek lan-arriskuen inguruko plana aurkeztu zuen Lan Ikuskaritzan.

Iragan abenduan, Lleidako 1. Epaitegiak ondorioztatu zuen pertsona horiek CSICi egindako zerbitzua "lan arlokoa" zela.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken ordukoa Gipuzkoa Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Euskal mendiak bideoak Gizartea bideoak Albisteak Gaur Bergara albisteak Gaurko azken orduko albistea Mendizaleen istripuak Zer gertatu da gaur Aragoiko Pirinioetan? Elur-jausiak