Gizartea -
KORONABIRUSA
Juanito Oiarzabalek laguntza eskatu du Nepaldik irteteko
Alex Txikon lemoarra edota Kilian Jornet kataluniarra ere inguru berean harrapatuta daude. Koronabirusak eragindako egoera tarteko, Nepalgo Gobernuak bertan behera utzi ditu nazioarteko hegaldiak.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
Juanito Oiarzabal mendizale gasteiztarra harrapatuta dago Katmandun (Nepal), eta laguntza eskatu du bertatik irten ahal izateko. Ildo horretan, "berehala" esku hartzeko eskatu die kontsulatuari eta Atzerri Ministerioari.
Oiarzabal bere bizitzari buruzko dokumental bat grabatzera joana da, eta apirilaren 23tik dago bertan.
Apirilaren 22an irten zen Madrildik, Sebastian Alvaro madrildarrarekin batera, Everest, Cho Oyu, Makalu eta Lotse inguruan trekking bat egiteko asmoz.
Covid-19ak eragindako krisiaren testuinguruan, nazioarteko hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu Nepalgo Gobernuak maiatzaren 31ra arte.
Neguko denboraldia amaituta, mendizale asko eta asko dabiltza Himalaia inguruan. Aurten, inoiz baino baimen gehiago eman dituzte Everestera igotzeko.
Juanito Oiarzabal ez ezik, Alex Txikon lemoarra edota Kilian Jornet kataluniarra ere badaude inguru horretan harrapatuta.