Gizartea -
LAN-GATAZKA
Kaleratutako 25 garbitzaile berriz hartzeko eskatu dio LABek Bizkaiko Foru Aldundiari
Epaiak langileen kaleratzea bidegabea dela aitortu du, baina Optima enpresari aukera ematen dio langileak berriz kontratatzeko edo kaleratzeagatik kalte-ordaina emateko.
EITB MEDIA | AGENTZIAK
LAB sindikatuak garbiketako 25 langile "berriz hartzea" eskatu du astearte honetan Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean egindako elkarretaratzean.
Ohar batean sindikatuak gogorarazi duenez, Aldundiak zerbitzuaren enpresa esleipenduna aldatu zuen, eta Optima konpainia sartu zenean, 25 langilek "Gizarte Segurantzan baja hartu zuten, subrogaziorako baldintza guztiak betetzen ziren arren".
LABen arabera, langileek "hilabete batzuk zeramatzaten Foru Aldundiaren bulegoetan eta eraikinetan covid-a dela eta errefortzu gisa lanean, garbiketa eta desinfekzio lanak egiten".
Horietako gehienek, gainera, "hainbat urte zeramatzaten zentro horietan lanean, aldi baterako bajak ordezkatzen edo besteen oporrak betetzen".
Kaleratze horien aurrean, LABek salaketak aurkeztu zituen epaitegietan, eta epaiak "langileen kaleratzea bidegabea" dela aitortu du. Dena dela, "Optima enpresak aukera du langileak berriz onartzeko edo kaleratzeagatik kalte-ordaina emateko".
Enpresa bigarren aukeraren alde egiten ari da, eta, ondorioz, LABen arabera, "Bizkaiko Foru Aldundiak kaleratzeak finantzatzeko ordaintzen dion diru publikoa erabiltzen ari da".
Aldundiari egoera horren berri eman diola azaldu ostean, LABek langileak berriz hartzea "exijitzeko" eskatu dio Foru Aldundiari, eta gaur goizean elkarretaratzea egin dute Bilboko Foru Jauregiaren aurrean.