Gizartea -

euskara

Donostiak 'Oporretan Euskaraz' udalekuetarako izena emateko epea iragarri du

Udalekuak uztailaren 5etik 30era bitartean egingo dira, eta haurren artean euskararen erabilera sustatzea izango dute helburu.

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak 'Oporretan Euskaraz' udaleku irekiak egingo ditu uztailean, 5 eta 11 urte bitarteko haurren artean euskararen erabilera sustatzeko helburuarekin. Izen-ematea maiatzaren 13tik 19ra egongo da irekita, eta sarean egitea gomendatu dute.

Hala ere, Udalak adierazi duenez, Euskara Zerbitzuaren bulegoetan ere egin ahal izango da, Konstituzio plazako 2 zenbakian, 09:00etatik 14:00ak arte.

Iaz bezala, pandemia dela eta, udalekuak egoera berrira egokitu behar izan ditu Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak, eta horrek zenbait ezaugarri eta baldintza aldatzea ekarri du. "Aldaketa horiek egitea ezinbestekoa izan da haurren, begiraleen eta familien osasuna arriskuan ez jartzeko", adierazi dute Udaletik.

Udalekuak uztailaren 5etik 30era bitartean egingo dira, lau asteko txanda bakarrean, 09:00etatik 13:30era, eta unean uneko osasun-irizpide eta -arauak jarraituko dira. Gainera, haurtzaindegi-zerbitzua ere egongo da, 08:30etik 09:00etara.

Bost eta 11 urte bitarteko haurrek izango dute parte hartzeko aukera, 2010 eta 2016 bitartean jaiotakoek, alegia. Izena ematean, familiek aukeratuko dute jasotze-puntua, eta hiriko zortzi ikastetxe jarriko dira aukeran.

Kuota ezberdinak egongo dira familia-motaren arabera: hilabete osoko kuota arrunta, 164,06 eurokoa; familia ugarientzat eta guraso bakarrekoentzat, 123,04 eurokoa; familia ugari berezientzat, 82,03 eurokoa, eta gizarte laguntza jasotzen duten familientzat, 16,40 eurokoa.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskarari buruzko berriak Donostia albisteak Albisteak Gipuzkoa EAE Gizartea Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa