Gizartea -

KORONABIRUSA

Txertoak kostaprezioan zabaltzea babestu du AEBk baina ez dio ezer patenteei buruz

Jake Sullivan AEBetako presidentearen segurtasun aholkulari nazionalak azaldu duenez, Munduko Merkataritza Erakundearekin (MME) "elkarrizketan buru belarri" dabiltza.

Koronabirusaren kontrako txertoak. Argazkia: EFE
Koronabirusaren kontrako txertoak.
Koronabirusaren kontrako txertoak. Argazkia: EFE

EITB MEDIA | AGENTZIAK

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jake Sullivan Joe Biden AEBetako presidentearen segurtasun nazionaleko aholkulariak igande honetan adierazi duenez, koronabirusaren aurkako txertoa garatu duten farmazia enpresak mundu osoan txertoak kostaprezioan zabal ditzaten lanean ari dira

"Farmazia-konpainiek txertoa kostuaren prezioan eman beharko luketela uste dugu, txertoa jasotzeko oztoporik egon ez dadin", azaldu du Sullivanek ABC telebista katean egindako elkarrizketa batean.

Bidenen aholkulariak ziurtatu duenez, Katherine Tai Ameriketako Estatu Batuetako Merkataritzako ordezkaria etenik gabe ari da hizketan Munduko Merkataritza Erakundearekin txertoa eskuratzeko arazoak gainditzeko, eta "jarraitu beharreko bidea datozen egunetan argituta" egon beharko litzatekeela gaineratu du.

Bernie Sanders senataria buru duen 10 demokrata aurrerakoien talde batek gutuna bidali dio egunotan Biden presidenteari farmazia enpresei koronabirusaren txertoen patenteak aldi baterako uzteko eskatzeko galdeginez. Hala, behar duten herrialdeak produzitzeko gai izango lirateke. 

"Aldi baterako salbuespen hori premiaz babesteko eskatzen dizuegu, bizitzan behin bakarrik ikusten den pandemia globalari erantzun eraginkorrena emateko", idatzi diote demokratek Bideni. Sullivanek ez du, ordea, gai horren ingurukorik esan.

Txertoen patenteen aldi baterako etete hori Indiak eta Hegoafrikak proposatu dute MMEren aurrean; izan ere, koronabirusaren erasana gehien pairatzen ari diren herrialdeetako bi dira. Indian, adibidez, ehunka mila kutsatze berri izaten ari dira egunero, eta ospitaleek ez du nahikoa materialik aurre egiteko.

Sullivanek adierazi du Washington "harro" dagoela Indiari laguntzeko orain arte egin denarekin, nahiz eta beti nahi izango luketen "are gehiago egin".

AEBko ordezkariak azaldu duenez, "oxigenoz betetako hegazkin militar handiak bidali ditugu, txertoetarako lehengaiez beteta eta bizitzak salbatzeko tratamenduz beteta", eta "laguntza ahalik eta azkarren" ematen jarraitzen dutela gaineratu du.

"Aldaerekin kezkatuta gaude, hedapenarekin kezkatuta gaude, galtzen diren bizitzekin kezkatuta gaude, baita pandemia Indian kontroletik kanpo dagoen bitartean sor daitezkeen albo-ondorioekin ere" gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Nazioartea Ameriketako Estatu Batuak Gaixotasunak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak India Osasun albisteak Sendagaiak Txertoak Koronabirusa Industria farmazeutikoa