Gizartea -
HERRITARREI DEIA
Ertzaintzak laguntza eskatu du Barrikan aurkitutako gorpua identifikatzeko
2021eko urtarrilean giza hezurrak aurkitu zituzten, baina ezin izan dituzte identifikatu. Horregatik, haiekin batera aurkitutako arropen argazkiak publiko egin dira, inork ezagutuko balitu ere.
EITB MEDIA
Ertzaintzak herritarren laguntza eskatu du 2021eko urtarrilaren 22an Barrikan aurkitutako gorpua identifikatzeko. Muriola urbanizazioaren ondoan aurkitu zituzten giza gorpuzkiak egun hartan, baina identifikatzea lortzen ez dutela eta, hainbat datu fisiko eta aurkitutako arroparen argazkiak argitaratu dituzte orain, norbaitek bere nortasunari buruzko aztarnarik eman ote dezakeen jakiteko.
Ertzaintzako Ikerketa Kriminalaren Atalak jakitera eman duenez, Barrikan aurkitutako gorpua 30 urtetik 40 urtera bitarteko eta 1,70 metroko altuerako gizonezko batena da, eta 10 urte baino gehiago zeramatzaten bertan. Femur batean nabari den kurbadurak herrentasuna adieraz dezake. Ikertzaileek desagertutako pertsonen fitxekin alderatu dituzte datu horiek, baina ez dute inolako emaitzarik lortu.
Gorpuaren ondoan honako jantziak aurkitu zituzten: kamiseta txuria, urdin eta granate koloreko marrazki batzuk dituen artilezko jertse lodia, Osakidetzako jantzi polar urdin iluna, Ami markako larruzko jaka (M neurrikoa) eta Dr. Martens markako bota beltzak.
Hezurren ondoan aurkitutako arropa M neurrikoa da, Osakidetzaren logotipoa daraman kirol-jantzia/jaka izan ezik, G neurrikoa baita.
1. AURKITUTAKO LARRUZKO JAKAREN ARGAZKIA: AMI markako larruzko jaka, M neurrikoa. LONDON PIEL SLk merkaturatua. 1990etik aurrera egina da. Jakaren beix koloreko etiketa, batez ere, marroi koloreko larruzko jaketan erabiltzen zen (baina beltza ere izan daiteke).
Ertzaintzak adierazi duenez, desagertutako pertsonen arrasto ugari jarraitu dituzte, baina orain arte ezin izan da gorpua identifikatzea lortu. Horren aurrean, Ertzaintzak gorpuaren ezaugarriei buruzko informazioa eta zeramatzan jantzien argazkiak hedabideetara zabaltzea erabaki du.
Norbaitek informazioa izanez gero, Ertzaintzarekin harremanetan jartzeko eskatu dute.